Gaur, urriak 2, hasi eta hilaren 23ra arte, astelehenero, Kritika Zinematografikoari buruzko bigarren tailerra egingo dute Bilboko San Frantziskoko Liburutegian. Aurtengo gaia Emakumea zinema fantastikoan izango da, eta Colossal (Nacho Vigalondo) filmaren emanaldiarekin eta Borja Crespok eskainiko duen ikastaroarekin hasiko dituzte saioak.

Kritika-Zinematografikoa-Ikastaroa-ZineaSan Frantziskoko Liburutegiak eta Tracking Bilbaok (Caostica eta Borja Crespo) elkarlanaean antolatutako Kritika Zinematografikoari buruzko tailerrak, bereziki, zinemaz irakurtzea eta idaztea gustuko dutenei zuzenduta daude. Aurtengoan emakumezkoak protagonista dituzten lau film eskainiko dituzte, horietako bi, andrazkoek zuzendutakoak. Saioak 18:00etatik 21:30era luzatuko dira, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Zikloa gaur bertan, urriak 2, abiatuko dute Anne Hathaway buru duen Nacho Vigalondoren Colossal film arrakastatsuarekin. Ostean, Borja Crespok Zinema fantastikoaren botere metaforikoa izeneko eskola magistrala eskainiko du.

Hilaren 9an, aldiz, Ana Lily Amirpour zinegilearen A Girl Walks Home Alone at Night filma emango dute, 2014an Sitgesko zinema jaialdiko Sail Ofizialean lehiatu zen lana. Sheila Vand da filmeko aktore nagusia. Jarraian, Josu Egurenen Emakumearen rolak zinema fantastikoan hitzaldia eskainiko dute.

Hirugarren saioa urriaren 16an egingo dute, eta Alice Lowek zuzendu eta antzeztutako Prevenge (2016) ekoizpen izango da ikusgai, hain zuzen ere, Sitgesen aipamen berezia jaso zuen lan britainiarra. Segidan Elizabeth Casillas eta Laura Lazcanok Pixoihalen iragarkiek gezurrak saltzen dituzte: emakumezkoaren erradiografia generoko zineman izenburudun mintzaldia egingo dute.

Eta tailerraren azken egunean, urriaren 23an, The Duke of Burgundy (Peter Strickland, 2014) drama misteriotsuaren txanda izango da, Sidse Babett Knudsen eta Chiara D’Annarekin. Eskola magistralekin amaitzeko, Iratxe Fresneda irakasle, kazetari eta zinegileak Emakumezko kartografia berriak, dena ikusi dugu? gaiari buruz hitz egingo du.