Zinemaldiko kritika: ‘Le lion est mot ce soir’

Zuzendaria: Nobuhiro Suwa

Urtea: 2017

Herrialdea: Frantzia

Saila: Sail Ofiziala

Liburuek atalak izaten dituzte: sarrera, lehenengo atala, bigarrena, epilogoa… Horrelakoxea izan daiteke bizitza, ataletan sailkatutakoa, luzeagoak, motzagoak, edo amaitzen ez diren atalez osaturiko biografiak.

Jeanek (Jean-Pierre Lèaud) atalak istea erabaki du, iritsi da ordua, nekatuta dago, oihaneko erregea izan da urte luzez, animalia galanta, seguruenik, aktore ezaguna, han eta hemen maitale franko izandakoa. Baina denbora ate-joka dauka, eta azken antzezpena egiteko ordua iritsi zaio, aurre egin ezin dion papera.

Indarra hartu beharko du paper hori ondo egin nahi badu, gogoz, paperean sartzeko, horregatik hartuko du distantzia, eta atzera begira jarriko da, maisuzko azken antzezpena gauzatzeko asmoz.

Zaharra da, heldua, eta dagoeneko ez dago bere unerik onenean, eta agerikoak diren nekeak, nagiak, burugogorkeriak zail egiten dute behar duen horretan gogoz jartzea.

Juliette izango da bidea erakutsiko diona, nor bestela? Bera ez bada, nork lortuko du? Maitatu duen partsona bakarrak. Denborak ez duelako barkatzen, Juliettek bai ordea, ez baitu ezer espero, bere maitea, ez besterik, eta behar adina itxarongo du, ez duelako presarik, Juliettek aspaldian ulertu zituelako jokoaren arauak.

Araurik badago, arauok Juliettek dakizki, pazientzia eta ezer ez espero izatea, maitasunak altruista behar duelako, horrela egin du, eta Jean itxarongo du, azkenean elkartuko badira. Baina gure protagonistak ez ditu oraindik jokoaren arauak ulertu, eta azken buztankadak emango ditu, izokinen moduan, ibaian gora, sen kontuak.

Oihanean, oihan basatian lehoia lo dagoelako, bere domeinuan, baina lehoi basatienak ere txanda utzi behar die atzetik datozenei. Inoiz ez delako berandu, Jeanek ulertuko du, dagoeneko zein den bere lekua, non eta norekin. Eta azkenean, oihanean orro egiten duen lehoiak bezala, bere azken planoa filmatuko du, orain bai, atseden hartzeko.