Bart gauean Donostiako Kursaal auditorioan egin duten sari-banaketa ekitaldian banatu dituzte 65. Donostia Zinemaldiko sariak, eta James Francoren The Disaster Artist lanak jaso du Urrezko Maskorra (Mikel Zumetaren kritika). Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra, halaber, Anahí Berneri argentinarrarentzat izan da, Alanis filmagatik.

Bada, film horretan bertan egindako lanagatik, Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra jaso du Sofía Gala Castiglione aktoreak. Gizonezko Aktore Onenaren saria, ostera, Bogdan Dumitracherentzat izan da, Pororoca filmean egindako lanagatik.

Handia-Film-02

Aurtengo edizioan hemezortzi film lehiatu dira Urrezko Maskor preziatua eskuratzeko. Tartean, Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia, eta Euskal Zinemaren Irizar sariaz gain, Epaimahaiaren Aipamen Berezia ere eskuratu du (Maialen Goñiren eta Mikel Zumetaren kritikak).

Arregik eskerrak eman dizkie aktoreei, filmak zerbait komunikatzen badu, aktoreen lanari esker izan dela azpimarratuz. Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga “gure elizegitarrak” direla azpimarratu nahi izan du. Amaitzeko, bere seme Martinek erraldoiekiko erakarpena sentitzen duela kontatu du, eta normala iruditzen zaiola, lantalde osoa filmaren indarrarekin liluratuta dagoelako. “Bihotz-bihotzez, eskerrik asko guztioi”. Jon Garaño, halaber, Kimuak film laburren katalogoaz oroitu da, lehen urratsak bertan egin baitzituzten, tartean, Tercero B (2002), Sintonía (2005) eta Asämara (2008) lanekin.

Jaialdiko palmaresa:

  • Film Onenaren Urrezko Maskorra: The Disaster Artist, James Franco
  • Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra: Anahí Berneri, Alanis filmagatik
  • Epaimahaiaren Sari Berezia: Handia, Jon Garaño eta Aitor Arregi
  • Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra: Sofía Gala Castiglione, Alanis filmagatik
  • Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra: Bogdan Dumitrache, Pororoca filmagatik
  • Gidoi Onenaren Epaimahaiaren saria: Diego Lerman eta María Meirarentzat, Una especie de familia filmagatik
  • Argazki onenaren Epaimahaiaren saria: Florian Ballhaus, Der Hauptmann filmagatik
  • Kutxabank Zuzendari Berriak saria: Le semeur (Marine Francen)
  • Horizontes saria: Los perros (Marcela Said)
  • Zabaltegi-Tabakalera saria: Braguino (Clément Cogitore)
  • TVE Beste Begirada bat saria: Jusqu’à la garde (Xavier Legrand)
  • Gehitu Elkartearen Sebastiane saria: 120 battements par minute (Robin Campillo)