Zinemaldiko kritikak: ‘Non’

Non-Zinea-Kritika-03Zuzendariak: Ximun Fuchs eta Eñaut Castagnet

Urtea: 2017

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Zinemira

Radial enpresa batek ateak itxiko ditu Frantzia erdialdeko hiri txiki batean. Bertako langileak haserre egongo dira, kanporatze-prima iraingarri bat onartu behar izan dutelako gogor borroka egin ondoren. Afariaren ostean, Bruno, kaleratu berri duten langileetako bat, etxera joango da emaztearekin eta hiru seme-alabekin, eta bidean jendarme-kontrol batean geldituko dituzte, abiadura-muga gainditu dutelako. Lehen uneko barre-algaren ondoren, autotik jaisteari uko egingo dio Brunok. Ez hori bakarrik: emakumezko jendarmea zaurituko du, eta atxilo eramango dute komisaldegira. Gauak aurrera egin ahala, egoerak okerrera egingo du.

Ximun Fuchs antzerki zuzendari eta aktoreak zinemarako gidoi bat idazten duen lehen aldia da. Manex anaiarekin batera, haurrak zirenetik partekatzen zuten film bat egiteko ametsa, eta Eñaut Castagnet lehengusua lagun, gogor egin dute lan amets hori egi bihurtzeko. Horrekin nahikoa ez, eta filma 65. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatzea lortu dute, eta Euskal Herriko Gidogileen Elkarte Profesionalaren eskutik, Euskal Gidoi Onenaren saria jaso du lanak. Bada zerbait!

Bizi hasiko da filma langileen protestak erakutsiko dituen plano-sekuentzia luze batekin, eta aurrez-aurre entzungo dugun lehenengo elkarrizketa autoan dauden jendarmeena izango da. Elkarrizketa ederra, bide batez, bi pertsonaiak ezin hobeto ezaugarrituko baititu. Ordura arte ez dugu askorik beharko gertatzen ari dena ulertzeko. Izan ere, indar handia du Non filmak. Eta ez kontatuko duen istorioagatik bakarrik, baita alderdi tekniko eta estetikoagatik ere, talde artistikoaren antzezpenak ahaztu gabe. Baliteke, une batzuetan, indar hori, oinarri aldarrikatzaile hori, apur bat leuntzea, eta sekuentzia batzuk oharkabean igarotzea. Baina 19 egunez (eta 18 gauez) errodatu zuten filma, 300 lagundik gorak (eta ez aktorek) hartu zuten parte grabaketan, eta herri bakar batean filmatu zuten guztia. Erronka polita da, eta emaitza, hartutako arriskuaren maila berekoa.

Une batzuetan absurudura joko du, eta “eskuetatik ihes egin dio” pentsatuko dugu, egoeraren gainbeherak larrituta. Baina nekea, amorrua, etsipena muturreraino eraman nahi izan ditu zinegileak, “nahikoa da” titulura ekarrita. Eta ziurrenik, Brunorena bezalako egoera batean, beti izango da gauzak gehiago okertzeko, zailtzeko, nahasteko aukera.

Honenbestez, produktu txukuna dela esango nuke, eta zinemagintzaren alorrean zabaldu berri duten bidea jarraituz gero, proposamen interesgarri eta aberatsak ekarriko dizkigutelakoan nago. Mesedez, eutsi norabide honi.