The-Disaster-Artist-Zinea-Kritika-01Zuzendaria: James Franco

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Saila: Sail Ofiziala

Hori desastrea, ez baitago deskribapen hoberik, eta eskerrak hala adierazi digun Franco jaunak zuzendu duen filmaren hasieran. Bertan Tommy Wiseau zuzendari entzutetsuak The Room filma osatzerakoan izandako eromen joan-etorri guztiak deskribatuko dizkigu.

Filmak Tom Dicillok zuzendutako Living in oblivion (1995) ekar diezaguke gogora behin baino gehiagotan, grabaketa set batean gertatzen diren ustekabe eta komeria sinestezin guztien bildumaren erakusle baita. Aipatutako Dicilloren zintaren kasuan, ordea, fikzioaz ari gara, eta Francok aurkeztu diguna benetako zinta batean oinarrituta dago.

The Disaster Artist filmaren protagonista Tommy da, izaki berezia, ezerezetik agertzen den pertsonaia ezin xelebreagoa. Ile luzea, aurpegi zurbila, Gipsy Kings musika taldeko partaideetako bati lapurtutako alkandora nabarmenak soinean, eta izaera arraroa, bizarroa, Asperger sindromea edukiko balu bezala. Tommyk (James Franco) Greg ezagutuko du, izarra izan nahi duen aktore saiakera, eta berehalakoan, bere aitzakia, musa bilakatuko du bat-batean bere bizitzari zentzua emateko. Kosta ahala kosta, musak inspiratuta, film bat grabatzea lortuko du, eta nolakoa gainea!
Zinemaren sormen-prozesuan suertatzen diren konplexutasun ugariak erakutsiko dizkigu zintak: gidoia, ekoizpena, aktoreak, banaketa… Gure kasuan, berezko konplexutasun eta zailtasunei Wiseauren ukitua gehitu beharko diogu, prozesu guztiari jauzi mortal hirukoitza atxikiko baito aldiro, zutik eroriko ote?

Frankoren lana atsegina da, dibertigarria, eta ezinezkoa egingo zaigu lotsak jota barreari eustea Wiseau bezalako tamaina estralurtarreko talentua pantaila handian ikusiko dugunean. Zuzendariak bazekien saridun txartela eskuetan zeramala, The Room filma dagoeneko umorearen ikonoa delako undergrown kulturan.

Goraipatzekoa benetan jatorrizko zintaren birsorketa prozesua, Wiseauren papera benetakoa baino ia hobea egitea lortu baitu. Esan beharra dago, horrez gain, zintak ez duela interes handirik, barregarria da oso, protagonistaren eta Greg lagunaren harremanaren inguruko berezitasunak eta nondik norakoak, nagusiki. Hala eta guztiz ere, motz geratuko da, erraza delako inertziaz, jabetu gabe, urduritasun, nazka, harridura eta lilura sortzen dituen pertsonaia berezi hori baliatzea umorezko filma egiteko. Osagai magiko horiekin, edonork egingo luke! Baina aukeran Dicilloren filma nahiago, Francok ondo egin duelako, baina esku artean zuen harribitxiari ez diolako behar adina distira atera.