‘Non’ filmak jaso du Zinemaldiko Euskal Gidoi Onenaren saria

Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak Euskal Gidoi Onenaren saria banatzen du urtero Donostia Zinemaldiko fikziozko euskal filmen artean, eta aurtengoan, Ximun Fuchsek jaso du aintzatespena, Non filmaren gidoiagatik. Lanaren zuzendaritzaz ere arduratu da, eta aktore lanetan ere aritu da bertan. Euskal zinemagintzaren industriak emandako ongietorria dela esan du, bere lehen filma baita honakoa.

Ximun-Fuchs-Euskal-Gidoi-Onenaren-Saria-Zinea

Agurtzane Intxaurraga arte eszenikoetako aktore, zuzendari eta dramaturgoak; Aritz Moreno zinegileak; eta David Pérez-Sañudo gidoigile eta zuzendariak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta atzo, irailak 28, Donostiako Café Botanikan egin zuten ekitaldian eman zioten Euskal Gidoi Onenaren saria Ximun Fuchs aktore eta zuzendariari, Non filmaren gidoiagatik.

Oso pozik azaldu zen Fuchs, eta zinemaren munduan berria den aldetik, euskal gidoigileen saria ongietorritzat hartu duela esan zuen.

Izan ere, antzerkigintzatik dator Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain konpainia arrakastatsuan zuzendari eta aktore lanetan aritu izan baita urte luzez anaia Manexekin batera. Besteak beste, Errautsak (2010), Hamlet (2013) eta Francoren bilobari gutuna (2016) antzezlan arrakastatsuak zuzendu eta antzeztu ditu, makina bat sari jasotakoak.

Non lehengusu Eñaut Castagnetekin zuzendu duen lehen filma izan da, eta Fuchs bera arduratu da gidoia osatzeaz, protagonistaren papera antzezteaz, ekoizlepenaz eta filmaren garapen osoa aurrera eramateaz.