Urtea: 2017
Herrialdea: AEB
Saila: Sail Ofiziala
Ameriketako Estatu Batuak, horren hurbil eta horren urrun zaigun leku hori, etengabean eta euskarri posible guztietatik saldu eta irentsarazten diguten errealitate polit eta perfektua, kolore bizi, egoera borobil eta amaiera ezin hoeak dituen aukeren mundua, amets amerikarra.
Matt Porterfield zuzendariak erakutsiko digun AEBak bestelakoa da, Amerika irudikatzen duen ameskeria guzti horren angelu iluna, atzeko aldea, bazterrean geratu ohi dena. Eta ondo irudikatzen du, eguzkipean ere iluntasuna posible delako, ezagutzen ditugun auzo, herri eta kale berdintsuetan bestelako jende eta bizitza mota batzuk tartekatzen direlako; iragarkietakoa dirudien bizitza perfektua saltzen digun pertsonaiaren ondoan, alboko pisu, etxe, eraikin edo kalean, cracka erretzen duen emakumea bizi delako, kalea egiten duen emagaldua, espetxetik irten dena, armak saltzen dituena.
Ameriketako Estatu Batuak. Hitz potoloekin errepikatzen dute medioetan, handia, ikaragarria, ametsen lurraldea. Beren lurraldearen aniztasuna eta konplexutasuna ezagutuko ez balute bezala, AEB, zein ederra. Ederra da, bai, baina baita zurbila ere, oso, iluna, eta galdua. Filmeko protagonista bezala, handik hona, noraez etengabean, bere burua aurkitu nahian, eta esango dizuet ez duela bere nortasuna topatuko, tamalez ez, kostata bada ere, bide okerretik joango delako, benetan bilatzen duen hori okerreko bidea delako, galera guzti horri zentzua ematen dion guztiaren alde egingo duelako.
Gu ere galduta ibiliko gara zintan, protagonistarekin batera, zer nahi duen eta nola lagundu ulertu nahian, azkenean, laguntzarik nahi ez duela eta laguntzeko modurik ez dugula ulertuko dugun arte. Eta zertarako bidaia, orduan? Atera diezaiogun etekina filmari, gizarte estatubatuar garaikidearen erretratu gordina baitugu begien aurrean. Indibidualtasunaren alderdi gordinenen emaitza, make your selve traketsenaren erakustaldi mikatza. Eta bai, egia da, interesgarria da gizarte garaikidearen gatazka existentzialaren nondik norakoak aztertzea, norabiderik ez duen norbaiten ibilbidea jarraitzea, baina Sollers Point filmaren kasuan, ez da nahikoa. Ikusleari eskatzen dion lan eskarga gehiegizkoa delako emango dion emaitzarako. Protagonistaren nondik norakoaren inguruko hausnarketa sakona egin beharko dugulako zintari etekina ateratzeko, merezi duen ezer berririk ez, dena den. Eskerrik asko, hala ere, ikasitakoa beti izango zaigulako erabilgarri.
https://vimeo.com/234812648