Zinemaldiko kritika: ‘A Fish Out of Water’

ZA-fish-out-of-water-Zinea-Kritika-01uzendaria: Lai Kuo-An

Urtea: 2017

Herrialdea: Taiwan

Saila: Zuzendari Berriak

Yianek beste ama bat eta beste aita bat zituela errepikatzen du etengabe. Itsasertzean bizi zela, eta arreba bat zuela. Gurasoek, ordea, nahastuta dagoela usteko dute, eta semearen eta aitonaren zaintzak itota, amak etxetik alde egitea erabakiko du, semearekin. Haurraz arduratuko da bera, aitonaz senarra. Eta aurrera egiten ahaleginduko dira nor bere bidetik.

A Fish Out of Water Lai Kuo-An zinegilearen lehen film luzea da, baina eskarmentu handiko ibilbidea du zinemagintzan zein publizitatearen alorrean. Filmari jarritako maitasunak eta samurtasunak, istorio txiki bati ezpazio zabal bat emateko gaitasunak, agerian utzi dute esperientzia hori. Torontoko zinema jaialdian aurkeztu zuen filma irail hasieran, eta urrian Hanburgora joango da.

Iraganeko dramak gainditzea ez da lan erraza. Halakoak ez dira eskolan irakasten, eta belaunaldi batetik bestera ere, zaila izaten da formula magikoa transmititzea. Batez ere, ez dagoelako inolako formula magikorik. Bakoitzak ahal duena egiten duelako. Bost urte inguruko haur batek, halaber, senak eta xalotasunak gidatuta, barnean sentitzen duen nostalgia komunikatzeko zailtasunak izaten ditu, eta bere baitan itotzen da.

Baina barruan dugun arantza bere horretan uzten badugu, gure erraietan, bihotzean, eta kanporatzeko ahalegina egiten ez badugu, ezinezkoa izango da aurrera jarraitzea. Bizikletak ere ez du martxan jarraituko erradioen artean makila bat sartu bazaio. Eta makila ateratzeko, geratu eta tira egin behar dugu. Nola bestela? Iraganari aurre egin behar diogu, eta garai hura, leku hura, pertsona hura… guztiz galdu dugula ohartzen garenean, orduan bai, pedalei eragiten jarraitu ahal izango dugu, atzera begiratu gabe.

Baina era berean, zein gogorra den mina ezin komunikatzea… Gauzak zergatik aldatu diren ulertzeko gai ez garelako, batetik, baina baita gaitzak jota, ahalmenak eta ametsak galdu ditugulako ere. Triste bizitzea baino gauza tristeagorik ez dago.

Unean unean bizitzak galdatzen digun horri erantzun behar diogu: semearen zaintza, bikote harremana, gurasoen azken agurra… Eta gainezka egin dugula sentitu arren, beti topatuko dugu aurrera egiteko modua. Atzera egitea ezinezkoa delako. Hildako arrain bat itsasora itzultzeak haren galera konponduko ez duelako.