Atzo, irailak 27, banatu zituzten 65. Donostia Zinemaldiko Industriaren sariak. Zinema Eraikitzen, Glocal in Progress, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa eta Ikusmira Berriak ekimenetan parte hartu duten proiektuei emandako garaikurrak dira, eta irabazleen artean, hiru euskal proiektu daude: Telmo Esnalen Dantza, Glocal in Progress sari orokorra eta Industria saria; Maider Fernandez Iriarteren Las letras de Jordi, Ikusmira Berriak saria; eta Pablo Agüeroren Akelarre, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren Arte Internationa Prize saria.

Las-letras-de-Jordi-ikusmira-berriak-zinea

Leire Apellaniz (Sr. y Sra.), Jose Luis Rubio (REC) eta Maider Fernández Iriarte.

‘Dantza’

Aurten aurrenekoz egin duten Glocal in Progress ekimenak hizkuntza ez hegemonikoetan osatutako zinemagintza sustatzea du helburu, eta deialdira aurkeztutako proiektuen artean hiru aukeratu zituzten jaialdian eskaintzeko, tartean, Esnalen Dantza. Lana oraindik erabat amaituta egon ez arren, asteartean eskaini zuten industriako profesionalen aurrean, eta atzo, asteazkena, proiektu guztiak ikusi ostean, Glocal In Progress Industria saria eta Glocal in Progress sari orokorra jaso zituen.

Lehena Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe-Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresetako ordezkariek banatzen dute, eta filma nazioartean banatzeko, postprodukzioa osatzeko, azpitituluak jartzeko eta DCPak egiteko laguntza jasoko du irabazleak.

https://vimeo.com/215651681

‘Las letras de Jordi’

Las letras de Jordi, ostera, Ikusmira Berriak egonaldi artistikoan parte hartzeko aukeratu zuten beste hiru proiekturekin batera. Maider Fernandez Iriarteren dokumentalak 51 urteko Jordirekin sortu duen harremana aztertuko du. Jordi garun-paralisiarekin jaio zen, eta kartoizko taula baten bidez komunikatzen dira biak. Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuen 21 urterekin, baina orain ez du haren presentzia sentitzen, eta bere hausnarketak konpartituko ditu Fernandez Iriarterekin.

Bada, proiektuak Ikusmira Berriak saria jaso du, hau da, ekoizpenerako 20.000 euroko diru-poltsa, eta 10.500 euroko balioa duen postprodukzioa REC Grabaketa Estudioan.

Las-letras-de-jordi-Zinea

‘Akelarre’

Horrez gain, Pablo Agüero zinegilearen Akelarre proposamenak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko Arte International Prize saria jaso du, 6.000 euroko diru-saria. VI. forora 29 herrialdetako 165 proiektu aurkeztu zituzten, eta horien artean hamabost aukeratu zituzten Donostian eskaintzeko. Frantziaren eta Euskal Herriaren arteko koprodukzioa da Agüerorena.

2015ean, halaber, Eva no duerme aurkeztu zuen 2015eko Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean, Argentinako eta Alemaniako ekoizpen etxe banarekin osatutako proiektua.

Akelarre-Pablo-Aguero-Industria-Saria

Segidan duzue Industriaren sarien palmares osoa:

  • Zinema Eraikitzen 32. Industria saria: Ferrugem, Aly Muritiba (Brasil)
  • Film Factory saria: Ferrugem, Aly Muritiba (Brasil)
  • Zinema Eraikitzen CAACI/IBERMEDIA TV saria: Ferrugem, Aly Muritiba (Brasil)
  • Glocal in Progress Industria saria: Dantza, Telmo Esnal (Euskal Herria)
  • Glocal in Progress saria: Dantza, Telmo Esnal (Euskal Herria)
  • Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroko proiektu onenaren saria: Planta permanente, Ezequiel Radusky (Argentina)
  • EFADs-CAACIren Europa-Latinoamerika Koprodukzio saria: El Agente Topo, Maite Alberdi Soto (Txile – Frantzia – AEB)
  • Koprodukzioaren garapenaren EURIMAGES saria: Las consecuencias, Claudia Pinto (Espainia – Mexiko)
  • Arte Internationa Prize: Akelarre, Pablo Agüero  (Euskal Herria – Frantzia)
  • Ikusmira Berriak saria: Las letras de Jordi, Maider Fernández Iriarte (Euskal Herria)