Zinemaldiko kritika: ‘mother!’

mother-zinea-kritika-02Zuzendaria: Darren Aronofsky

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Saila: Perlak

Baso baten erdian, suak suntsitutako etxetzar viktoriarra egokitzen igaroko ditu egunak Jennifer Lawrencek gorpuztutako emakumeak. Hura baino hogei bat urte zaharragoa den idazlea (Javier Bardem), aldiz, publikoaren arreta berreskuratzen lagunduko dion maisulana idazten ariko da, azken aldian ezer gutxi sortzeko gai izan bada ere. Gau batean, sendagilea dela dioen gizonezko misteriotsu batek joko du etxeko atea, nahastuta, aterpe bila omen dabil; eta gizonak gaua bertan igarotzera gonbidatuko du, aspaldiko lagunak balira bezala.

Baliteke Aronofskyren berrienaren sinopsia argitzea alferrikakoa izatea, beldurrezko filma baino, alegoriaz, sinboloz eta metaforaz beteriko tramak gizateria osoaren inguruko hausnarketa proposatuko digulako. Aktore protagonistek senar-emazte bikote bat baino askoz gehiago gorpuztuko dute, eta haien bizitokia, landa eremuko etxalde erraldoi bat baino, historiako gertakarien eszenatoki labirintikoa izango da.

Veneziako zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu berri dute filma, hil hasieran, eta maitasuna zein gorrotoa eragin zituen aretoko ikus-entzule eta adituen artean. Askok egin omen zuten alde filma amaitu aurretik. Donositan harrera epelagoa izan dela esango nuke, horren berri genuelako, ziurrenik; baina aretoa erabat bete da, eta inor gutxi irten da argiak piztu aurretik.

Filmak bi zati nabarmen ditu: lehenak bikote harremanaren ezaugarriak eta haietako bakoitzaren papera erakutsiko dizkigu, gertaera “handiagoak” etortzear direla iragarriko balu bezala; bigarrenak, aldiz, lehenaren egitura bera jarraituko badu ere (gizonezkoak harrera beroa egingo die bisitari ezezagunei), testuingurua oso ezberdina izango da, eta gertakarien segidank indarra eta erritmoa hartuko ditu, maldan behera (ala gora) kontrolik gabe abiatzeko, ikusten dugun oro zalantzan jartzeko, errealitatea eta fantasia nahieran nahasteko… filma bigarren maila batera igotzeko.

Lan aztoragarria da. Espazioak eta denborak paper garrantzitsua jokatuko dute, baita Lawrencek eta Bardemek ere, izar handiak direla frogatuko baitute beste behin ere. Zatirik handienean Lawrencen bidaia jarraituko dugu haren sorbaldatik bertatik, eta berak bezalaxe, egonezina eta nekea sentituko ditugu gure lana, gure ametsak, gure egonkortasuna ezerezean birrinduko dela ikusita. Ez al dago zurrunbiloa gelditzerik?

Bada, ez! Gizateriaren endekapenak bezalaxe, filmak aurrera jarraituko du, ahotsik zentzudunenei entzungor. Bere dohain guztiak mahai-gainean jarri ditu Aronofskyk, eta emaitza nahiko borobila irten zaiola esango nuke. Eta hala ere, ez dakit filma berriro ikusteko astia hartuko dudan… ez baitut hondamendi zikliko horretan erori nahi.