Zinemaldiko kritika: ‘Morir’

Morir-Zinemaldia-Kritika-Zinea-01Zuzendaria: Fernando Franco

Urtea: 2017

Herrialdea: Euskal Herria – Espainia

Saila: Sail Ofiziala

Non ikasten da halakorik? Halakorik posiblea bada… ez baitaukat argi. Hiltzeari buruz ari naiz. Heriotza, prozesu luzea dela badakigu, jaiotzen garenetik helmuga argi bakarra hori delako, azken pantaila, game over, baina ez gaude entrenatuta, eta ez dugu hortaz entzun ere egin nahi. Heriotza kutsakorra balitz bezala bizi dugulako, alboan izanda, ondoeza sor diezaguke, oilo-ipurdia, goragalea.

Heriotza mota asko daudelako, bizimodu bezain beste, batzuk erakargarriagoak, besteak jabetu gabe gertatzen direnak, ustekabean, eta badira aurretiaz denborarekin igartzen direnak ere.

Hausnartzeko denbora izanda, errazagoa balitz bezala, gauzak arrazionalki antolatzeko eta prestatzeko. Baina ez du zertan hala izan, teoria, hori besterik ez delako, teoria. Hipotesiak jaurtitzea erraza da, ostean horiek aurrera eramatea da zailena.

Martak ez daki noiz hilko den, baina egunero pixka bat hiltzen ariko da, batez ere, bikotekidearekin zuen harremana guztiz eraldatzen denean. Luis ere egunero pixka bat hilko da, baina bere kasuan, azkarrago doa kontua, eta mingarriagoa da, min fisikoaz ari naiz. Biek sentituko dutelako mina, eta nolakoa gainera, hori guztia gutxi balitz bezala, elkarren arteko harremana hondoratzen hasiko delako, Luis bezala, hondoa joko du minagatik, ezin du pentsatu, minak bere nortasuna lapurtu diolako, eta tamalez, ez dio itzuli nahiko.

Zenbat jasateko gai gara amore eman baino lehen? Eta zer da amore ematea? Koldarren kontua, akaso?

Fenando Franco zuzendariak La Herida filmarekin egin zuen bezala, zinta mingarri bezain ederra eskaini digu, paperean guztiz murgilduta dauden Maria Álvarez eta Andrés Gertrudixekin. Heriotzara garaman sufrikarioa nolakoa den erakutsiko digute, minak laguntzen gaituenean, nola desagertzen garen gure aztarnarik geratzen ez den arte, eta nola,  heriotza kutsakorra izan ez arren, bere kalteak guganaino hel daitezkeen, gure bizitza goitik behera aldatzeraino.