Zinemaldiko kritika: ‘Elkarrekin–Together’

Elkarrekin-Together-Zinea-KritikaZuzendariak: Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa

Urtea: 2017

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Zinemira

Albaola Itsas Faktoriako lehendakari Xabier Agotek AEBen ekialdeko kostan, Maine estatuan, euskal izena zuen Plazentzia uharte bakartiaren inguruan irakurri zuen behin. Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleak bertara iritsi ziren XVI. mende inguruan, eta tokiko indigenekin elkarlanean aritu ziren. Bada, gerora, bertan nabigatzen ari zela, uhartea topatu zuen, eta dokumentuek ziotena frogatzeko eta aurkikuntza garrantzitsua egiaztatzeko, euskal arkeologo talde bat lagun, bertara joatea eta arbasoek egin bezala, tokiko aditu eta ikertzaileekin elkarlanean arrastoak bilatzea, erabaki zuen.

Migueltxo Molina zuzendari eta kameralaria, Itziar García ekoizle-zuzendaria eta Miguel García soinu teknikaria arkeologo taldera batu ziren, eta hilabetez, Plazentzia uharteko indusketa lanen egunerokoa, zein Agotek aditu eta lagunekin izandako topaketak, filmatu zituzten. Horren emaitza da Elkarrekin-Together dokumentala, euskaldunok berezkoa dugun auzolanerako joerak mundu osoan ateak zabaltzen dituela gogoraraztera datorren proiektua.

Dokumental indartsua da, eta ikus-entzuleak haria jarraituko du lehen unetik, aurkikuntzaren ideiak liluratuta. Kamera geldoan jarritako mugimenduak, dronearekin grabatutako aireko plano ikusgarriak eta hizlari aldaketa kamerarekin jarraitzeko naturaltasuna nabarmenduko nituzke alderdi teknikoari dagokionean; are gehiago, kamera bakarrarekin grabatuta badago (eta hala esango nuke). Musika ere gozagarria da, eta istorioak badu mamia. Euskaldunak, lurraren kontrolarekin amesten zuten konkistatzaile gupidagabeen aurrean, beste herri eta kulturekin elkarlana bilatzen zuen jende ondradua al ginen? Erantzuna topatzea uste baino zailagoa izango da.

Arkeologoen lana matsoa eta errepikakorra bada ere, dokumentalaren erritmoak ez du behera egingo, eta pertsonaia berrien sartzeek trama aberastuko dute. Hizkuntzaren harira sortutako arazotxoek, halaber, barrea eragingo digute, izan ere, nok ez du bere burua halako egoera batean ikusi? Arkeologia albo batera utzita, noski… Eta euskal taldekideen hausnarketek eta elkarrizketek amestea zein garrantzitsua eta unibertsala den erakutsiko digute.

Handinahiegia al da helburua? Beharbada, bai. Eta ziurrenik, hori da dokumentalari ikusi diodan hutsune bakarra. Baina era berean, ahalegina egitea ez dago sekula soberan. Eta baliabide teknikoek, pertsonaiek eta istorioaren abiapuntuak horretarako aukera ematen badute, aurrera!