Julia Juaniz: “Hizkuntzarik garrantzitsuena ikus-entzunezkoa da”

65. Donostia Zinemaldiak atzo, irailak 26, ospatu zuen Euskal Zinemaren eta EiTBren gala, eta bertan, Julia Juaniz muntatzaileari eman zioten aurtengo Zinemira saria. Oso eskertuta azaldu zen, muntatzaileen lanak gutxitan saritzen direlako, eta saria seme Joni eskaini zion. Ostean, Elkarrekin – Together (Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa) dokumentala eskaini zuten.

Julia-Juaniz-Zinemira-Zinea

Itziar Ituño aktoreak zuzendu zuen gala, eta 65. Donostia Zinemaldian parte hartzen ari diren euskal ekoizpenen laburpen-bideoa eskaini zuten lehenik. Ostean, Jorge Guerricaechevarría gidoigile asturiarra deitu zuen taula gainera, hura arduratu baitzen aurtengo Zinemira saria emateaz.

Julia Juaniz pozik igo zen eszenatokira, eta txalo zaparrada luzea jaso zuen. Saria sorpresa bat izan zela azaldu zuen, “sekula ez duzulako sari bat emango dizutenik espero, eta muntaketa-lana ez delako askotan saritzen”, eta eskerrak eman zizkien euskal ekoizleen bi elkarteei, ETBri eta Donostia Zinemaldiari, beregan pentsatzeagatik.

Segidan, muntatzaileen lana nolakoa den azaldu zuen, bere hitzetan, jende askok ez duelako alderdi teknikoaz gain, jardun horrek galdatzen duen sormena kontuan izaten. Izan ere, “teknika ikastea da errazena, baina filmari zentzua ematea eta funtzionatzen duela ziurtatzea, ikuslea emozionatzea, hori da muntaketa lanaren gakoa”.

“Hizkuntzak ikastea oso garrantzitsua da”, gaineratu zuen, “baina garrantzitsuena ikus-entzunezko hizkuntza da, egun osoan irudiz inguratuta gaudelako, eta eskoletan irakastea oso egokia izango litzatekeela uste dut”.

Horren ostean, bere lehen esperientziak oroitu zituen: muntatzaile gisa, Juan San Mateoren estudioan sartu zen aurrenekoz; eta bere lehen errodajea Javier Aguirre zinegile donostiarraren film batean izan zen. Ez zioten ogitartekorik jaten utzi, ezta autoa erabiltzen ere, baina oso eskertuta dago lehen esperientzia bizi ahal izan zuelako.

Segidan, bere ibilbide profesionalean lagun izan dituen zinegileen zerrenda luzea errepasatu zuen. Etxekoak ere oroitu zituen, guraso eta anai-arrebak, zinema maitatzen irakatsi ziotelako, baina saria seme Joni eskaini zion, “zurekin igaro ez ditudan ordu guztiengatik”. “Ez naiz ezkondu, eta ez dut jubilatzeko asmorik; honenbestez, hauxe da nire festa”, gaineratu zuen.

‘Elkarrekin – Together’

Segidan Elkarrekin – Together dokumentalaren lantaldea igo zen eszenatokira, tartean, hiru zuzendariak, Itziar García ekoizlea eta Xabier Agote Albaola Itsas Faktoriako kidea. Eskerrak eman zituzten proiektua egiteko aukeragatik, eta elkarlana gure armarik baliotsuena dela nabarmendu zuten, “elkarrekin mundua aldatu dezakegulako.