2017ko Irudienean izena emateko epea urriaren 4an zabalduko dute

52. Durangoko Azoka abenduaren 6tik 10era luzatuko da, eta dagoeneko standak eskuratzeko aukera dago. Horrez gain, urriaren 4an, asteazkena, euskal ikus-entzunezkoen topagunea den Irudienean izena emateko epea zabalduko dute, eta urriaren 13ra arte egongo da eskaerak bidaltzeko aukera.

Zinea-Irudienea-DA-52-02

Ikus-entzunezko sektorearekin lotutako mahai-inguruak, euskal filmen proiekzioak, aurkezpenak… antolatzeko aukera eskaintzen du urtero Durangoko Azokako Irudienea guneak. Iazkoan, esaterako, hogei emanalditik gora egin zituzten Euskaltzaleen Topaguneak kudeatutako gunean, eta besteak beste, Jon Abrilen Neskatoak dokumentala, Koldo Almandozen Sipo Phantasma film esperimentala, Jon Maiaren eta Mari Jose Barriolaren Gutik Zura dokumentala eta Patxo Telleriaren Igelak komedia izan ziren ikusgai.

Zinea atariko lagunok, halaber, Euskarazko zinemaren sorkuntza eta kontsumoa izeneko solasaldia antolatu genuen, eta Maria Elorza zinegilea, Eneko Sagardoy aktorea, Amaia Garcia kultur kazetari eta blogaria, eta Aitor Abaroa kultur kazetaria gonbidatu genituen mahai-ingurura.

2017ko deialdia

Aurtengo Irudienearen egitaraua osatze aldera, beraz, urriaren 4an jarriko dituzte eskuragai izen-emate esteka eta fitxa. Eskaerak bidaltzeko aste eta erdiko epea izango da, urriaren 13ra arte.