Zuzendaria: Askoren artean

Urtea: 2017

Herrialdea: Euskal Herria

AB ALIO

Zuzendaria:Iñigo Royo eta Iñigo Fernández Ostolaza

Pantaila itxuraz zentzugebeak diruditen mezuz beteko da seriotasunez jantzitako collage honetan. Nolakoa izango litzateke etorkizun hura, non…

Eta bai, nola edo hala, bihotzak taupaka egiten dit, hezur-haragizkoak garenok ulertuko dugu zergatik; besteek, beharbada, ez. Saiatu. Txuletak eta mezu politikoa ikus-entzunezko sormen batean batu izanagatik soilik, ikustaldia merezi du.

APRIETA PERO RARAMENTE AHOGA

Zuzendaria: David P. Sañudo

Norman Bates bilbon jaio izan balitz, seguruenik, Sañudoren zintak aurkeztu duen pertsonaiaren tankerakoa izango litzateke. Buruko matxuraz gain, txandal arrosa eta kilo pare bat gehiago izango lituzke. Eta hori gutxi balitz, ezagutu berri duen jendearekin harreman estuegiak sortzek ohitura ere izango luke. Horri guztiari parafilia dosi txiki bat gehitzen badiogu… Bai, dagoeneko asmatuko zenuten.

AREKA

Zuzendaria: Atxur Animazio Taldea

Egongo da bertsoak iruditan jartzea erreza dela esango duenik, eta agian arrazoia izango du, baina Arekaren kasuan, bertsoak dioena, agian, gutxienekoa da. 90eko hamarkadara bidaiatu dut, MTV telebista kateko ikaragarrizko animaziozko gortinatxoak datorzkit burura, denak harrigarriak, haietako bakoitza mundu bat, sekulakoa, bertsoari beste dimentsio bat emanez. Kasu honetan, hitzak izango dira irudiak lagunduko dituztenak, irudiak dagoeneko pantailaz jabetu direlako.

EURITAN

Zuzendaria: Arantza Santesteban eta Irati Gorostidi

Xanenean gaude, babesean, euria ari du kanpoan, baina ez barruan, eta luzaro egongo gara jardunean, luzaro, urteak pasa baitira ordutik. Itxaro Bordak aspaldian idatzitakoak entzungo ditugu, arretaz, bere ahotik. Totema ariko zaigu hizketan, eta gauzak ez dira horrenbeste aldatu, horregatik jarraituko dugu Xanenean, leihotik so, solasean, mundua noiz aldatuko oten den, edo nola aldatuko dugun planeatzen.

FOR THE GOOD TIMES

Zuzendaria: Andrés Daniel Sainz

Famila, Cerbero hori, Hidra hori, buru anitz baina aburu murritz dituen animalia. Afari bat, ospakizuna, eta zein geldoa den denbora, ezerosoa. Denak zain, zeharkako begiradak, ezinegona. Denok dugu famila bat, dena delakoa, eta familia guztiek dituzte gorabeherak. Gorakadetan, ongietorriak denak; beherakadetan, berriz, ez dezagun ezer esan, badaezpada. Baina familiak familia izaten jarraituko du beti, bakarra dugu eta, geurea.

LA FIEBRE DEL ORO

Zuzendaria: Raúl de la Fuente

Mozambikek zer egin ote digu guri? Eta bertako herritarrek? “Natura iraintzen duenak bere burua iraintzen du”, eta hala da. Ustiatutako eta pobreziara kondenatutako herriak lanak izaten ditu bizirauten. Munduak Mozambike ahaztu du, baztertu, debekatu. Biztanleriak  lurra zulatuko du, arbasoek ikasitakoa ahaztu balute bezala, eta honek ondorioak ekarriko dizkie, eta haiei bezalaxe, guztioi.

PLÁGAN

Zuzendaria:Koldo Almandoz

Animalien dokumental bat, inurriak Amazoniako basoetan ilaran, hosto-puskak garraiatzen. Bitartean, denbora, eta animaliatxo gaixoak lurzoruaz jabetzen, beren buruen jakitun izango ez balira bezala, taldeari jarraika, egin beharrekoa eginez, handik hona, hondamendiaren parada. Garratza da plaga honen umorea, termitena bezalakoa; menderatzen duen lurzorua hondatzen, jostailutxoak bezala, zelako antzerkia, koitaduak, ehunka dira animaliak, izurritean.