Juanba Berasategik jaso du III. EZAE saria

Iragan apirilean zendu zen Juanba Berasategi euskal animaziozko zinemagintzaren aitzindaria. Kalabaza tripontzia (1985) lehen euskarazko animazioa izan zen, eta ondorengo hiru hamarkadetan hainbat telesail zein film luze zuzendu zituen Lotura Films ekoizpen etxearen bidez. IBAIA Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearen lehendakaria ere izan zen 1991tik 1997ra. Gaur bertan, 65. Donostia Zinemaldian, III. EZAE saria jaso dute pasaitarraren senideek.

EZAE-03-Saria-Juanba-Berasategi-Zinea

EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, 2014) filma saritu zuen 2015ean, eta iazkoan Asier Altunaren Amama filmari eman zioten bigarren edizioko saria. Hirugarren honetan, ordea, Juanba Berasategi zinegilea saritu dute, euskal zinema-industriari egindako ekarpen oparoagatik.

Sari banaketa ekitaldia gaur, irailak 26, egin dute 65. Donostia Zinemaldiko egitarauan, eta agerraldian Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak, eta EZAEko ordezkari Alfonso Benegas eta Coro Odriozolak hartu dute parte. Saria, ordea, Miren Berasategi zinegilearen alabak jaso du Benegasen eskutik.

Muñozen hitzetan, “Merezitako saria da honakoa, eta oso pozik nago Juanbari eman diotelako”. Berasategiren nahia euskarazko filmak zinema areto handietan eskaintzea zela gaineratu du, eta saria EZAE elkarteak eman izana, esanguratsua dela zentzu horretan. EZAEren helburua, halaber, bertako eta Europako zinemagintza sustatzea dela nabarmendu du Odriozolak, eta Zinema Euskaraz edota Bidaiariak Zinemara bezalako ekimenen bidez, ikuslegoa erakartzea lortu dutela.

Lotura Films izan da Juanbaren ekoizpen-etxearen izena, orain haren alaba Miren Berasategik zuzentzen duena. Zinegilearen asmoa, dena den, bere sorkuntzatik haratago, euskal industria  sortzea ere bazen. Horregatik, gogor egin zuen lan IBAIAren sorreran eta elkartearen lehen urteetan.

Pasaitarraren filmografian, besteak beste, Ekialdeko izarra (1977), Fernando amezketarra telesaila (1979), Kukubiltxo (1986), Ipar haizearen erronka (1991), Ahmed, Alhambrako printzea (1997), Alhambrako giltza (2002), Barriola San Adriango Azeria (2008) eta Nur eta herensugearen tenplua (2017, Zinemaldian ere ikusgai izango da) filmak topa ditzakegu.