Handia-Zinea-Kritika-Kartela-01Zuzendaria: Aitor Arregi, Jon Garaño

Urtea: 2017

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Sail Ofiziala

Erraiak aurkitzea zaila izaten da batzuetan, latza, denbora eskatzen digu, agian, esan ohi den bezala, urrutiko intxaurrak beti apetatsuagoak zaizkigulako, eta agian, eta soilik agian, urruntzen garenean gureak ere hamalau izatera iritsiko direlako, urrunetik akaso geureari balioa emateko gauza izango garelako.

Martin eta Joakin anaiak dira, Altzoko baserrian, bizitza xumea daramate, lanak dituzte azienda errentagarria egiteko. Baina batzuetan, gertakariak ustekabean aldatuko dira, ez da dena dirudiena. Martin etxetik erbesteratuko dute; karlistek soldaduak behar dituzte gure lurra defendatzeko, eta bertan, gerran, zaurituko dute. Sorginkeria balitz bezala, bi anaien etorkizuna lotu egingo da une horretatik aurrera, Martinek besoan jasotako balak bi anaien geroak josi izan balitu bezala. Batak besoaren mugikortasuna galduko du, besteak handitzeari ekingo dio, aztikeria baten biktima bailitzan, erraldoitzen, metamorfosian. Eta metamorfosia itzela da benetan, bai Joakinena (Eneko Sagardoy) zein Martinena (Joseba Usabiaga). Lan ezin hobe honetan biak izango direlako metamorfosiaren biktima, biak jasango dute betirako lotuko dituen bilakaera.

Joakinen bilakaera fisikoa izango da, baina horrekin batera nortasunaren eraldaketa ere jasango du, handitzen doan heinean, aldiro, bere nortasuna doituko delako bere neurriarekin batera, hezurrek bidea egiten duten heinean.

Josebaren kasuan, nortasuna izango da eraldatuko dena, film osoan zehar, etxera itzuli nahi duen erbesteratua, galdua, utzi zuen baserriagatik minduta sentituko da, eta ez du berriro aurkituko, dagoeneko aldatu delako, bera ikusteko gauza ez bada ere, hor jarraitzen duena. Hori dela-eta, munduan zehar ibiliko da behin utzitako etxearen bila, anaiaren bila, bere buruaren bila, arrotza zaion erraldoiarekin batera, bere lekua zein den asmatu nahian.

Anaiak direlako zinta honetako giltza, anaien arteko harremana, nortasunarekiko lotura, eta sustraien zama nola ulertzera helduko diren, zama baino ohorea baita sustraiek eskaintzen digutena.

Bidaian ibiliko dira Altzoko Handia eta anaia, mundua zeharkatzen, herri, hiri eta jendeak ezagutzen, primerako argazkia eta lan artistikoa dituen produkzio ikaragarrian.

Eta kontua da, nor garen jakiterako orduan, besteek nahi dutena esan dezaketela, gaizki ulertuak medio, ezagutza falta, asmakizunak, gezurrak, mitoak. Nortasuna, baina, barruan sortzen den zerbait da, ernatzeko, osatzeko denbora behar du, eta hor dago azkenik, elkarri begira diezaioten, orain, Joakin eta Martinen istorioa, historia, anaitasun leial batena, azkenik bai, elkarrekiko onarpenarena.