Euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza sustatzeko jardunaldiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak euskarazko ikus-entzunezko edukien sorkuntza bultzatzeko laborategia prestatu du Euskarazko ikus-entzunezkoen etorkizuna lelopean. Orotara hiru jardunaldi egingo dituzte, urriaren 6an lehena, urriaren 21ean bigarrena, eta azaroaren 16an hirugarrena. Lehen topaketan izena emateko epea zabalik da.

Etorkizuna-eraikiz-GFA-Zinea

Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan eta sektoreko hainbat eragilerekin elkarlanean, ikus-entzunezko euskal ekoizpenen sorkuntza sustatu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horreterarako, Betina Hagerup Danimarkako Danish Business Authority bulegoko zuzendari nagusia ekarri zuten iragan maiatzean, gaiaren inguruko lanketa egiteko.

Eta oraingoan, nazioarteko eragileak eta haien ereduak ezagutzen jarraitzeko, hiru eguneko jardunaldi zikloa antolatu dute urritik azarora. Solasaldiak, aurkezpenak eta world-kafe formatuko dinamikak egingo dituzte saio horietan.

Lehena urriaren 6an, ostirala, izango da, Hernaniko Orona-Ideo eraikinean. 9:30ean hasita, Garazi Goia ikus-entzunezko estrategian adituak Britainiar ikus-entzunezkoen joerak eta euskarazkoen aukerak hitzaldia eskainiko du lehenik, eta ondoren, ikus-entzunezko edukien sorkuntza bultzatzeko laborategien diseinu-zirriborroa azalduko dute ikerlariek. Saioaren amaieran taldekako gogoeta egingo dute parte hartzaileek.

Ikus-entzunezko sektorean diharduten profesionalentzat, izen-ematea zabalik da jada.