Handia-Zinea-Kritika-Kartela-01Zuzendariak: Jon Garaño eta Aitor Arregi

Urtea: 2017

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: Sail Ofiziala

XIX. mende hasieran, Lehen Karlistaden garaian, baserriz baserri mutil gazteak errekrutatu eta borrokara eraman ostean, Martin Eleizegi, bi anaietan zaharrena, zaurituta itzuli zen frontetik etxera. Ezin zuen beso bat mugitu. Etxerakoan lana bilatzeko saiakerak egin zituen inguruko herrietan, baina ez zuen zorterik izan. Eta Ameriketara joateko diru bila, aitaren etxera itzuli zen, aldi labur baterako izango zelakoan. Baina anaia Joakin, bera baino lotsatiagoa eta lasaiagoa zen anaia gaztea, gainerakoen gainetik altxatzen zela konturatu zen. Aita, Maria maitea, lehengusuak, osaba-izebak eta Altzoko gainerako herritarrak baino nabarmen handiagoa zen Joakin. Horren jakitun zen bera ere, eta ingurukoek barre egiten ziotela sinetsita zegoen.  Baina aitak dirua ukatu zionean, eta hizkuntzak ongi menderatzen zituen Arzadun negozio-gizonarekin, Bilbora lehenik, Madrilera ondoren, eta handik Frantziara eta Ingalaterrara joan zen Martin anaiarekin, tokian tokiko herritarrek haren handitasuna miretsi zezaten.

Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendu dute filma, eta Jose Mari Goenaga eta Andoni De Carlosekin osatu dute gidoia. Moriarti-Irusoin biko arrakastatsuaren formula bera jarraitu dute, Kowalski ekoizpen etxearen laguntzarekin oraingoan, eta filma Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean eskaintzeko ez ezik, London Film Festival jaialdian ere lehiatzeko aukeratu dute. Nazioarteko biraren lehen urratsak.

Zaila izango da, baina ez dut filma Loreak (2014) aurrekariarekin alderatuko.

Eta horregatik, film ederra dela esaten hasiko naiz. Javier Agirre Erausoren argazki landuak, Saioa Larak prestatutako jantziteriak eta txundigarriak iruditu zaizkidan efektu digitalek (Eneko Sagardoy altuagoa ez ezik, handiagoa ere egiteko balio izan duten efektu bereziek) estetika dotore eta indartsu batekin jantzi dute zinta. Saturazio gutxiko kolore ilun eta hotzak dira nagusi, garaiaren gogortasunak eta istorioaren sakontasunak bultzatuta. Izan ere, Mikel Joakin Eleizegi ‘Altzoko Handia’-ren benetako historiak badu mamia, eta badu oinarri tristea ere, bizitza osoan sufritu baitzuen gizonak.

Handia zen Joakin, 2,27 metro garai, eta handitasunak lotsarazita, gutxitan egin zuen baserritik herrirako bidea. Jende artean ez zen eroso sentitzen, eta anaiarekin bidaian abiatu zenean ere, ikusleengan sorpresa eragiteko ezkutuan ibili ohi zenez, zailtasunak zituen sozializatzeko. Baina bera ez ezik, ingurukoak ere horren errudun ziren. Europan egindako biran zooko animalia bitxia bailitzan tratatzen zuten tokian tokiko aristokratek eta jauntxoek, eta gaztelaniaz moldatzen ez zenez, inortxok ere ez zuen Joakinekin bi hitz egiteko ahaleginik egiten. Handia eta euskalduna, patu krudela berea! Familiaren hobe beharrez, halaber, hobe isilik egotea eta ingurukoek eskatutakoa egitea. Baita bere duintasuna urratzen zutenean ere.

Nik behintzat, pena sentitu dut Joakinengatik. Pena handia.

Baina lortu zuen egoera horretara egokitzea, anaiak eskatutakoa gogo onez egitea, eta “zirku” hari guztiari zentzua bilatzea. “Pertsonok daukagun gauzarik baliotsuena egokitzeko gaitasuna da”. Ez, ordea, Martin anaiak. Hark aurkako norabidea jarraitu zuen. Eta berak atondutako planari espero ez zituen akatsak topatu zizkion. “Niretzat, hori da pertsonon ezaugarririk eskasena”.

Gure buruari esandako gezurrak sinesteko gai baikara egiak min egiten digunean. Eta bi semeen artean gerrara nor bidali erabakitzeko hamar segundo ematen dizkizutenean, hobe da zaharrena bidaltzea hobetsi zenuela pentsatzea, zaurgarriena etxean geratzea nahiago izan zenuela onartzea baino.

Aktore “txikiak” (zinemaren munduan ibilbidea hasi berri dutelako, ongi ondutako profesionalak baitira biak) gauza handiak egiteko gai direla frogatu dute Eneko Sagardoyk eta Joseba Usabiagak. Hazten jarraituko dute, etenik gabe, ‘Erraldoi gipuzkoarra’ bezalaxe.