Jon Garaño: “Ez dugu ahaztu behar ‘Loreak’-i esker egin dugula ‘Handia’”

65. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean Handia filma aurkeztu berri dute gaur goizean Jon Garañok, Aitor Arregik eta taldekideek. Atzo egin zuten prentsarentzako lehen pasea, baina publiko orokorrak gaur ikusi du filma aurrenekoz. Ostean, ohi bezala, prentsaurreko agerraldia egin dute hedabideen aurrean.

IMG_7666

Xabier Berzosa (ekoizlea), Ramon Agirre (aktorea), Eneko Sagardoy (aktorea), Aitor Arregi (zuzendaria), Jon Garaño (zuzendaria), Joseba Usabiaga (aktorea), Iñigo Aranburu (aktorea) eta Aia Kruse (aktorea) eseri dira mikrofonoen aurrean, ezkerretik eskuinera. Ia ordubeteko iraupena izan du agerraldiak, eta kazetarien galderak erantzun dituzte etenik gabe, zuzendariek bereziki.

Ondorengo gai nagusiak jorratu dituzte:

Filmaren jatorria

Haurra zela, San Telmo Museoa bisitatzera joan zen Jon Garaño eskolak antolatutako irteera batean, eta Migel Joakin Eleizegi Atzoko Handiaren hainbat ondasun ikusi zituzten bertan, tartean, gizonaren abarkak. Ordutik, Handiari buruzko film bat egin nahi izan zuen, eta Moriarti ekoizpen etxeko kideak ideiak trukatzeko biltzen ziren aldiro, proposamen bera jartzen zuen mahai gainean, lankideek txistetzat hartu zuten arte.

Egun batean, Irusoin ekoizpen etxera Andoni De Carlosek Handiari buruz idatzitako gidoi bat heldu zen. Haurrentzako animaziozko film bat proposatzen zuen berak, baina Garañori taldekideak konbentzitzeko balio izan zion. Moriartiko lagunek interesa erakutsi zuten, beraz, eta gidoi hura fikziozko film luze bat egiteko egokitzen hasi ziren De Carlosekin. Hala abiatu zuten proiektua.

Fikzioa versus errealitatea

Filmaren oinarrian historia erreal bat dagoela azaldu du Arregik, eta dokumentazi- lan mardula egin zutela garaiko egunkariak eta bestelako datuak biltzeko. Hala ere, gidoia idatzi ahala, forma narratiboa eman behar izan zioten, eta istorioaren bidez transmititu nahi zuten hori azaldu.

Gaitz baten ondorioz, Migel Joakin Eleizegi etenik gabe hazten hasi zen 20 urte zituela, eta ostean, Europan bidaian joan zen, errege-erregina eta jauntxoek bere handitasuna miretsi zezaten. Historia erreala da. Baina hortik aurrerakoak, jazotakoetatik gehiegi urrundu gabe sortu dituzte.

Aktoreen aukeraketa

“Lehen unean duda izan genuen: benetako erraldoi bat aukeratu eta antzezten irakatsi, ala aktore bat hartu eta erraldoi bilakatu?”, kontatu du Garañok. Baina aktore bat aukeratzea erabaki duten, antzezpena oso garrantzitsua zelako.

Casting prozesua luzea izan zen, eta Handia interpretatzeko hautagaien artean izan ziren Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga euskal aktore gazteak. Azkenik, Sagardoy aukeratu zuten Handiaren papererako, eta Usabiaga uste baino protagonismo eta garrantzia handiagoa duen anaia Martinen papera egiteko.

Sagardoyren inguruan, haren lanarekin oso pozik daudela azpimarratu du Garañok, “normala ez den zerbait normala bilakatu duelako, eta une batetik aurrera, ikusleek erraldoia dela ahazten dutelako”. Izan ere, Sagardoyk, tamaina ez ezik, hitz egiteko eta mugitzeko modua ere aldatu behar izan zituen, besteak beste. “Nik masailezur handiago bat eraman nuen probara, horixe izan zen nire proposamena. Eta beldur nintzen gustatu beharrean, zuzenean aktore gisa alboratuko ote ninduten. Baina ez”. Bereziki garrantzitsua zen haientzat Joakini munstro itxurarik ez ematea.

Usabiagari dagokionez, oso pertsonaia ezberdina dela adierazi du Garañok, eta oso bestelako zerbait transmitituko zuen aktorea behar zutela. “Josebaren begirada asko gustatu zitzaigun. Filmean behar genuen!”, irribarrez.

Gainerako aktoreek egindako lana ere nabarmendu nahi izan dute, sekuentzia askotan, pertsonaia “txiki” ezberdin askok eraman dutelako filmaren pisua.

Horrez gain, Arregik gaineratu du baserria pertsonaia bat gehiago zela, eta hari ere castinga egin ziotela. “Baserria erortzeko zorian zegoen eta arte-saileko kideek lan handia egin dute hura egokitzeko”. Azken batean, baserriak familiaren une bakoitzeko egoera islatu behar zuen.

Lanaren antolaketa

Moriarti ekoizpen etxea osatzen duten kideen artean paperak aldatzeko duten joeraz ere galdegin diete kazetariek. “Hasieratik izan dugun filosofia da: bakoitzak bere istorioak ekartzen ditu, eta haietako bat aukeratzen dugunean, kide horrek filma zuzentzen du eta gainerakook beste lanak hartzen ditugu. Eta ondoren txandatu egiten gara, paperak trukatu”.

Haientzat sistema erosoa dela azaldu du Arregik, ardurak banatzen dituztelako; eta prozesua motelagoa bada ere, ematen dituzten urratsak seguruagoak izaten direlako.

“Emakumezkoen zuzendariak”

80 egunean (Garaño eta Goenaga, 2010) eta Loreak (Garaño eta Goenaga, 2014) emakumezkoen istorioak dira, eta horregatik, Emakumezkoen zuzendari etiketa jarri diete Goenagari eta Garañori azken urteotan. Handia filmean, aldiz, gizonezkoak dira protagonista nagusiak, gizonezko “hauskorrak”, kazetari baten hitzetan. Horren arrazoiaz galdetutakoan, “maskulinotasun hauskorra irudikatzeko erabakia ez da kontzientea izan”, esan du Garañok. “Hala egin badugu, halakoak garelako izango da”.

Gizartearen eraldaketa

Sistema eta gizarte garaikideak bizi duen aldaketa prozesuaz ere galdetu diete, filmak beste garai bateko eraldaketa irudikatzen duelakoan. “Kataluniakoa film bat egiteko material bikaina da”, adierazi du Garañok.

‘Loreak’, nola ez

Ezinbestean, proiektu honek Loreak filmarekin dituen aldeak ere aipatu dituzte hedabideetako kazetariek, eta bi istorio oso ezberdinak direla eta horrek asko lasaitzen dituela argitu du Arregik. “Filmeko protagonistek ikuskizun batetik bestera gauza berriak eskaini nahi dituzten eran, guk ere zerbait berria eskaini nahi genien ikusleei”. Garañoren oharra: “Loreak filmagatik egin ahal izan dugu Handia. Eta hori ez dugu ahaztu behar”.