The-Square-Zinea-Kritika-02Zuzendaria: Ruben Östlund

Urtea: 2017

Herrialdea: Suedia

Saila: Zabaltegi – Tabakalera

Tximino bat ageri da pantaila zeharkatzen, arina, xaloa, pausoak modu traketsean emanez; aretoa algaraka hasi da, komikotasuna hezurmamitzen duen animalia dugu begien aurrean. Zer da baina, barrea eragiten diguna? Animalia bat ikusi dugu, bere baitan, ezarian. Barrea sortzen diguna lotsa da, zeri baina? Eta zergatik lotsa?

Ruben Öslund zuzendariak Mendebaldeko gizarteen konbentzioen oinarrietara zuzendu du filma, eta bitan pentsatu gabe, bi ordu eta hogei minutuan, gizarte garaikidearen egitura zartatzen saiatuko da. Filmaren protagonista Christian Suediako burgesiaren erakusle ezin-hobea da, gizarte mendebaldarraren elite kulturalaren eredua. Diskurtso landu eta sakonekin inguratzen du egunerokotasuna, errealitatetik gero eta urrunago bizi den gizartearen erakusgarri.

Zuzentasuna, gizabidea, moduak, edukazioa; bizitzari eta harremanei aurre egiteko ezinbestekoa den estilo-liburua, gizabanakoa ulergaitza eta antzua bilaka dezakeen hitz-jario itsaskorra. Filmak elite kulturalen krisiaren erakusle izan nahi du, zuzentasun eta erlatibismoak sor dezaketen hutsuneaz. Eta zer esan nahi da guzti honekin? Bada, ondorengoa: gizarte modernoetan geroz eta isolatuago bizi garela, arauak, legeak, egokia dena edo desegokia dena, horrek guztiak geroz eta gehiago mugatzen gaituela eta gure elkarrekintzak zaildu egiten dituela. Pertsona multzo bat ikus dezakegu, elkarrekin, armonian, denak batean, zuzentasunez jokatzen, txalo egin behar denean txalo eginez, eskua eman behar denean eskua emanez, eta mila esker, baina arauak jarraitzen dituzten pertsona isolatuen multzo bat ikusiko dugu, besterik ez.

Eta nork dauka zuzentasunez jokatzeko eskubidea? Nor izango da mesedez, barkatu, ahotsik altxatu gabe, esan beharrekoak esango dituena? Zorionekoak, nor bestela! Txiroak, kale gorrian daudenak, arrabaletakoak, kultura xumekoak, horiek guztiek ez dutelako astirik gose direla zuzentasunez esateko, ez astirik, ezta beharrik ere, haien beharrak ez direlako sekula asetzen. Moduak galdu ditu, paperak galdu ditu, hau ez da zuzena, ez ezazu begiratu, hau lotsa, zein itsusia. Ostruken dantzaldian barneratuko gaitu filmak, burgesia dekadentean murgilduko gaitu, ez baina forman, baizik eta edukian, sakonean errotuta dugun hutsunean.

Esan bezala, zintak bi ordu eta hogei minutu luze hartuko ditu Mendebaldeko gizarteen (suediar burgesiaren, zehazki) kritika egiteko. Sintesi-gaitasuna eskertuko nioke zuzendariari, kontzeptu bera etengabean metafora desberdinen bitartez errepikatu duelako.

Estetikoki zaindua dagoen lana da, argazki ederrarekin, plano landuekin, une batzuetan Sorrentinoren La grande belleza dakar gogora.

Iraupena alde batera utzita, gustura egingo dugu bidaia Christian protagonistaren noraez ezegonkorra jarraituz, zintan ematen diren gertakarien kateaketak helburu argi bat proposatuko ez badigu ere, eta bidean galduko garela sentituko dugun arren, merezi du bidaia egitea. Isiltasunak konplizitateak sor ditzakeelako, algarak egiten duen bezala, izan gaitezen kritiko eta gure egoera eta posizioaren onurez ondorioak atera ditzagun.

https://youtu.be/zKDPrpJEGBY