Joseba Usabiaga: “Filma askotan ikusiko dut, baina bakarrik”

Joseba Usabiaga (Tolosa, 1981) aktoreak Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño, 2017) filmean hartu du parte, Eneko Sagardoyk antzeztutako ‘Altzoko Handia’-ren anaia Martinen paperean. 65. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu dute filma, eta Usabiagak filmaketa prozesuaz eta hemendik aurrerakoez hitz egin digu.

Oso ongi oroitzen ditu papera eskuratzeko egin zituen lau probak, baita hainbat astez luzatu ziren errodaje-egun gogorrak ere. 2016ko Errege Egunean deitu zioten, papera berea zela esateko. “Opari polita, bai”.

Aktore zorrotza da, eta 2015ean Donostia Zinemaldian aurkeztu zuen Pikadero (Ben Sharrock) filma 50 alditan baino gehiagotan ikusi duela kontatu digu. “Baina beti bakarrik”. Handia filmarekin ere gauza bera egingo omen du, eszena guztiak buruz ikasi arte.

Proiektuekin konprometitzen da, eta jaialdietara zein bestelako emanaldietara joateko prest azaltzen da zuzendarien aurrean, ikus-entzuleei sortzen zaizkien galderei eta zalantzei erantzuteko. Antzerkian etenik gabe dihardu, eta laster zirkuan ere ariko da! Ez galdu Tolosako zenzen-plazan egin genion elkarrizketa: