L-amant-double-Zinea-kritika-KartelaZuzendaria: François Ozon

Urtea: 2017

Herrialdea: Frantzia

Ispiluan begiratu zaitez, luzaroan, zure azalaren milimetro bakoitza aztertu, poro, zimur, ile bakoitza. Begi-niniak sakon begiratu, nortasunaren geografia hori zurea baita, ezagutzen ez baduzu ere, plano desberdinetan irudika zaitezke-eta. Ispiluak irudikatzen duen nian oinarritzen zara goizero egunari aurre egiteko, hortzak garbitzeko, orrazteko, bizarra kentzeko, baina nor da beste aldean dagoen hori? Galdetu diozu noizbait nora doan ispilutik urruntzen zaren aldiro? Zu jarraitzen zaituen? Zurekin bat egiten duen? Edo bizitza paraleloa jarraitzen duen beirazko leiho horren beste aldetik?

Chloek ez daki nor maite duen, zaila egiten zaio horretan asmatzea, agian ez da inoiz maitatua sentitu eta horrek lanak ematen dizkio maitasuna zer den asmatzen jakiterako orduan.

Batzuetan zaila delako maitasuna eta desira bereiztea, edo biak batzea, behar denean ez dutelako zertan bat egin, edo bai, horretan datza gure protagonistaren gatazka.

Chloe hauskorra da, barnerakoia, baina azkarra, hori pentsatzen du berak, behintzat. Nola asmatu, baina, nor maite duen, bera nork maite duen asmatzen ez duenean, maitatua delako Chloe, oso, hortaz konturatzen ez den arren.

François Ozon zuzendariak zinta ezin bitxiagoa aurkeztu digu oraingoan. Igande eguerdietako telefilmeetatik ateratako istorioa irudituko zaigu batzuetan, tarteka; bat batean, aldiz, Cronenberg edo Fincher zuzendarien zinta baten airea hartuko du. Lan ausarta egin du Ozonek oraingoan, deigarria, bere ohiko estilotik at.

Labirintoan murgilduko gaitu zuzendariak, karta jokoan, begiak estali eta itsumutil lanak egingo dituen bitartean, irteerara bideratu nahian, zentzumenekin jolasean. Erabilitako baliabideek batzuetan huts egingo badute ere, orokorrean, bereganatu egingo gaitu, labirintoaren erdira eramateko gai izango baita. Nola irten bertatik bere laguntzarekin ez bada?

Ispiluen jokora jolastuko gara, zatiketara, bikoizketara; geure buruaren zein atalekin geldituko ginateke aukeratzeko parada bagenu, eta zeinetaz desegingo ginateke, horrelakorik egiteko gauza bagina?

Norbait maitatzearen gakoa norbera zein bestea ezagutzean datza, osotasunean, norbera den bezalakoa dela onartzean, gaizkiak ongirik gabe ez baitu zentzurik, bata bestearen ispilu delako.

Horrek ez du esan nahi, ordea, gure baitan aldaketarik egin ezin dugunik, hobetzearren, ispiluan geure burua begiratzeko gauza izan gaitezen, eta besteek garen bezala ikus gaitzaten, gure osotasunean, bakarrak, eta pluralak, konposatuak, desberdinak. Guztiok geure desberdintasunean berdinak garela ulertzeraino, ez dagoelako pertsona laurik, guztiok dugulako geure geografia, bakoitzak berea, sakontasun ilunenetik gailur argienera.