2017ko Kameratoia Euskal Zine Bileran egingo dute

Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Kameratoia film laburren rallya Euskal Zine Bilera jaialdian egingo dute aurten. Urriaren 20an abiatuko dute lehiaketa, deialdiaren gaia eta ezaugarriak online zintzilikatuta, eta parte hartzaileek 48 ordu izango dituzte lanak aurkezteko. Sari banaketa ekitaldia, aldiz, urriaren 28an egingo dute, eta deialdian izena emateko epea urriaren 15era arte luzatuko da.

Kameratoia-2017-Zinea-02Gazteen artean ikus-entzunezko sorkuntza sustatzeko helburua duen Kameratoia film laburren rallyak Euskal Zine Bilerarekin egingo du bat aurtengoan. Euskara hutsean egindako zinema jaialdi bakarra da gaur egun, eta aurten 40. edizioa ospatuko dute.

Kameratoiaren kasuan, XIII. edizioa izango da aurtengoa, eta bi asteburutan banatuko dute lehiaketa. Urriaren 20an, lehenik, rallyaren aurkezpena egingo dute Sarean. 11:00etan aurkezpen bideo bat zintzilikatuko dute, lehiaketaren gaia eta ezaugarriak aurkezteko, baita oinarriak, arauak, baldintza teknikoak eta bestelako zehaztapenak ere. Une horretatik aurrera, parte hartzaileek 48 ordu izango dituzte lana grabatu, editatu eta aurkezteko, urriaren 22an, igandea, eguerdiko 12:00etan utzi beharko baitituzte filmak.

Urriaren 28an, azkenik, egingo dute sari banaketa ekitaldia Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan, 12:30ean. Orotara 2.600 euro banatuko dituzte hiru lan irabazleen artean, eta hirugarrenez, ikusleen saria ere emango dute.

Lehiaketan parte hartu ahal izateko, urriaren 15a baino lehen izena eman beharko da. 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako deialdia da, eta bakarka zein taldean har daiteke parte.

Informazio osagarria Kameratoiaren orrialdean topatuko duzue.