Fantasia eta Beldurrezko Zinemaren Asteko epaimahaikidea izan nahi duzu?

Urriaren 28an abiatuko duten Donostiako 28. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko epaiamahai gaztean izena emateko deialdia irailaren 22an, ostirala, zabalduko dute. 18 eta 30 urte arteko gazteek har dezakete parte bertan, eta jaialdiko film laburrik onenaren Gazte Saria banatzeaz arduratuko dira.

Fantasiazko-Beldurrezko-Zinemaren-Astea-Gazte-Epaimahaia-28-Zinea-02

Paul Urkijoren Errementari filmak Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Astea zabalduko duela iragarri zuten joan zen astean antolatzaileek, eta festibalean ikusgai izango diren dozena bat filmen berri ere eman zuten. Bada, oraingoan, gazte epaimahaia osatzeko deialdia ostiralean zabalduko dutela aurreratu dute. 18 eta 30 urte arteko gazteek hartu ahal izango dute parte, eta Donostiako Udaleko Gazteriaren webgunearen bidez egin beharko dute izen-ematea.

Aurkeztutako lagunen artean 150 aukeratuko dituzte, eta kopurua gainditzen bada, Donostian erroldatutako gazteek izango dute lehentasuna. Aukeratutako lagunen egitekoa urriaren 27an, jaialdia hasi aurretik, Victoria Eugenia Antzokian eskainiko duten film laburren maratoira joatea (hiru ordu inguru iraungo du) eta film gustukoenaren aldeko botoa ematea izango da.

Trukean, Victoria Eugenia Antzokian egingo dituzten emanaldietara joateko bi txartel jasoko dituzte, baita katalogo ofiziala eta 2.000 maniacos fanzine berezia ere.