Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazioarteko Zinebi Jaialdiak Alberto Iglesias musikari donostiarrari emango dio aurten Ohorezko Mikeldi saria. Zinemarako musika egile garaikide garrantzitsuenetakoa da Iglesias, eta besteak beste, Julio Médem, Pedro Almodóvar, Bigas Luna, John Malkovich, Fernando Meirelles, Ridley Scott eta Oliver Stone zinegileen lanetako soinu-bandak osatu ditu.
Montxo Armendarizen eskutik, 80ko hamarkadan, egin zuen lehen sarraldia zinemarako musikagintzan. Paisaje eta Ikusmena film laburren soinu-bandak izan ziren. Eta handik gutxira Imanol Uriberen Mikelen heriotza (1984) filmarekin egin zuen jauzi film luzeetara. Dena den, 90eko hamarkadan hasi zen filmetarako soinu-bandak modu jarraiago batean sortzen, eta pixkanaka, Ricardo Franco, Carlos Saura, Pedro Almodóvar, Bigas Luna, Iciar Bollaín, Isabel Coixet zein Julio Medém bezalako zinegileekin lan egin zuen.
Nazioarteko filmografiari dagokionez, ordea, Oliver Stonen Comandante (2003), Fernando Meirellesen The Constant Gardener (2005), Marc Fosterren The Kite Runner (2007), Steven Soderberghen Che (2008), Hossein Aminiren The Two Faces of January (2014) eta Ridley Scotten Exodus: Gods and Kings (2014) lanetan hartu du parte.
Bere ibilbidean zehar, gainera, dozena bat sari esanguratsu jaso ditu, hala nola, soinu banda onenaren Goya sariak Todo sobre mi madre (Pedro Almodóvar, 1999), Hable con ella (Pedro Almodóvar, 2002), Volver (Pedro Almodóvar, 2006), Los abrazos rotos (Pedro Almodóvar, 2009) eta La piel que habito (Pedro Almodóvar, 2011), filmengatik, besteak beste, eta BAFTA, Oscar eta Europako Zinemaren Sarietarako hautagaia izan zen The Constant Gardener, The Kite Runner eta La piel que habito filmengatik, hurrenez hurren.
Zinebi jaialdiaren 59. edizioa azaroaren 10etik 17ra luzatuko da, eta bertan jasoko du Ohorezko Mikeldi saria musikariak. Antolatzaileen hitzetan, “mugimendudun irudien zentzu dramatikoa musikaren bidez indartzeko duen gaitasunagatik” emango diote saria, baita “bere partituren sormen-askatasuna paregabea eta emozioen intentsitatea egungo zinemagile garrantzitsuenen eskura jartzeagatik” ere.