1986an Azpeitiko lagun eta mendizale talde batek Annapurna II mendiaren gailurra egitea erabaki zuen, eta esperientzia dokumental batean grabatu zuen. Herri osoak babestu zuen espedizioa, eta dokumentala Euskadiko Filmategiko artxibategian gordeta egon da. Paradisu Zinemako eta Kulturaz kooperatibako kideek, baina, lana berreskuratu eta bigarren dokumental bat egingo dute, eta crowdfunding kanpaina abiatu berri dute horretarako.

1986an zortzi lagun joan ziren Annapurna II egitera. Historiako laugarren saiakera izan zen: 1960an Chris Boningtonek zuzendutako militarren espedizio indiar-britainiar batek egin zuen lehen igoera, 1969an Yugoslaviako bigarren talde batek, eta 1983ko udaberrian japoniarrez osatutako espedizio batek.

Hala, zortzi azpeitiarrez osatutako lagun-taldeak 7.937 metro garai den Annapurna II igotzeko erabakia hartu zuen, eta pixkanaka, espedizioa prestatu ahala eta mendizaleen balentriaz jabetuta, herri osoak hartu zuen parte proiektuan. Joxe Urbieta Takolo, Josu Bereziartua, Jabier Maiz eta Pako San Sebastian mendizaleak; Agustin Arenas eta Agustin Madrazo dokumentalaren arduradunak; Bixente Arrue itzultzaile lanak egingo zituena; eta Jose Mari Azpiazu antolatzailea joan ziren bidaian, nahiz eta ez zuten gailurra egitea lortu.

Annapurna-II-Zinea-01

Espedizioa, baina, 16 mm-ko kamera batekin grabatu zuten, eta 76 minutuko dokumentalak Kathmanduren ikuspegia, hurbiltze-martxa, oinarrizko kanpamentuko bizimodua eta igoera bera biltzen ditu. Uneotan Euskadiko Filmategian dago gordeta.

Bigarren dokumentala

Istorioa ezagutu ostean, eta herrian izan zuen eragina ikusita, Azpeitiko Paradisu Zinemako eta Kulturaz kooperatibako kideek dokumentala berreskuratzea eta bigarren lan bat osatzea erabaki zuten. Horretarako, crowdfunding kanpaina jarri dute abian, eta urriaren erdialdera arte, herritarren ekarpenak jasoko dituzte hemendik aurrerako lanak burutu ahal izateko.

Proiektuak bi helburu dituela azpimarratu dute arduradunek: batetik, 1986ko saiakera hura berreskuratzea, eta parte hartu zuten lagunei omenaldi modukoa egin; eta bestetik, espedizio hura gertatu zedin egon ziren arrazoiak eta zailtasunak bildu nahi dituzte bigarren dokumentalean, herri osoaren parte-hartzea nolakoa izan zen erakusteko.

Ekarpena egin nahi duen orok, crowdfunding kanpainaren orrialdean sartu besterik ez du.

Annapurna-II-Zinea-02