Asteazkenean abiatuko dute Small Cinemas Conference 2017 kongresua

Zinemagintza txikien inguruko ikerketan interesa duten nazioarteko adituen urteroko topaketa da Small Cinemas Conference, eta 2010az geroztik, urtez urte, Europako hainbat hiritan egin dute. Bada 2017an, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saila arduratu da Diversity in Glocal Cinemas: Language, Culture, Identity leloa daraman edizioa prestatzeaz, eta irailaren 20tik 22ra bitarte, 80 bat aditu inguruk mintzaldiak eskainiko dituzte Bilbon eta Donostian.

Small-Cinemas-Zinea-Kartela-01Zinema glokala kontzeptuaren gaineko eztabaida piztea du helburu 2017ko Small Cinemas Conference kongresuak. Izan ere, tokian tokiko hizkuntzan errodatutako eta modu lokalean ulertutako zinema da zinema glokala, baina, era berean, ikus-entzulego zabalari zuzentzen zaiona. Antolatzaileen iritziz, zinemagintza horien bidez munduko kultura eta hizkuntza aniztasuna “bermatu, ospatu eta kritikoki aztertu” daiteke. Hala ere, globalizazioa, transnazionala, trasnazional-ostekoa, diasporikoa eta transregionala bezalako terminoak azaleratu dira azken hamarkadetan, eta globalizazioa eta horren kontrako mugimendu lokal zein etnikoak etengabeko aldaketa prozesua jasaten ari dira.

Kongresuan parte hartzeko deialdira nazioarteko aditu andana aurkeztu ziren, eta horien artean 80 bat aukeratu zituzten Indigenen errepresentazioa Latinoamerikako zineman, Zinema Glocal Berriak, Hizkuntza gutxituak, Generoa, Itzulpengintza eta aniztasun linguistikoa, Lehen Nazioen Zinema, Euskal Zinema, Zinemagintza Txikien Erronkak eta Zinema Jaialdiak bezalako gaiak jorratzeko.

Kongresua irailaren 20tik 22ra luzatuko da, eta EHUko Esperientzia Geletan egingo dituzte saioak, Bilbon.

Irekiera ekitaldia Margarita Ledok gidatuko du, Rethinking Diversity: cinema in non-hegemonic languaages as a symptom hitzaldiarekin. Asteazkenean izango da, 9:30ean. Idazle eta kazetari galiziarrak lau film zuzendu ditu, eta Santiago de Compostelako Unibertsiatean Ikus-entzunezko komunikazioan irakaslea da. Horrez gain, Estudos Audiovisuais. Comunicación Audiovisual: Contidos, formatos e Tecnoloxía ikerketa taldeko burua ere bada.

Eguna amaitzeko, halaber, Ib Bondebjerg Kopenhageko Unibertsitateko Media, Ezagutza eta Komunikazio Departamentuko irakasle emerituak Globalisation, Multicultural Reality and the Creative Diversity of Scandinavian Cinema hitzaldia eskainiko du 18:00etan.

Bi egunez, zazpi paneletan antolatuta, ingelesez, gaztelaniaz zein euskaraz, mundu osotik etorritako ikerlari eta adituen mintzaldiak eskainiko dituzte. Programazio osoa online kontsulta daiteke.

Ezohiko jarduerak

Aurkezpen paneletatik haratago, bi jarduera egingo dituzte kongresuan:

  • Irailaren 21ean, osteguna, Oskar Alegriaren Emak Bakia Baita dokumentala eskainiko dute Bidebarrietako Udan Liburutegian, 18:30ean hasita. Alegria bera aurkezpenean izango da, eta lanaren inguruan berarekin hitz egiteko aukera izango dute bertaratuek.
  • Irailaren 22an, ostirala, aldiz, parte hartzaileek Donostiara egingo dute bidaia, eta 65. Donostia Zinemaldiaren lehen egunean, jaialdia bertatik bertara ezagutuko dute. Ez hori bakarrik, 11:00etan Keller aretoan Dina Iordanova munduko zineman aditua den irakasle bulgariarrak, eta Margarita Ledok eta Ib Bondebjergek mahai-ingurua eskainiko dute On Small Cinemas, Film Festivals and Transnational Circulation izenburupean.

Entzule bezala kongresuan parte hartu nahi baduzu, segidan topatuko dituzu jarraibideak.