Jaialdi kulturalak antolatzeko laguntza deialdia kaleratu du Jaurlaritzak

Musika, antzerkia, dantza, literatura, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak sustatzea helburu dituzten jaialdiak antolatzeko laguntza deialdia zabaldu du Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak. Orotara 350.000 euro banatuko dituzte, eta hilabeteko epea dago eskaerak bidaltzeko.

Kultura-jaialdiak-Jaurlaritza-Zinea

Euskal Autonomia Erkidegoan antolatutako jaialdi kulturalak diruz laguntzea helburu duen deialdia gaur, irailak 15, zabaldu du Eusko Jaurlaritzak. Musikarekin, antzerkiarekin, dantzarekin, literaturarekin, ikus-entzunezkoekin eta ikusizko arteekin lotutako festibalak aurkez daitezke deialdira hilabeteko epean.

Jasotako proposamenak bi multzotan banatuko dituzte: A muntzoan 100.000 eurotik gorako aurrekontua duten jaialdiak, eta B multzoan kopuru horretatik beherako aurrekontua duten jaialdiak. A multzoko eskatzaileen artean 150.000 euro banatuko dituzte, eta B multzoko eskatzaileen artean 200.000 euro.

Proposamenak aztertzerako orduan, eskaintzaren kalitatea (orotara 50 puntu, -25 puntu egitaraua, 15 puntu berrikuntza ez-teknologikoa eta 10 puntu berezitasun eta erreferentzialtasuna-), jaialdiaren ezaugarriak (orotara 35 puntu, -5 puntu ibilbidea, 10 puntu autofinantzaketa, 12 puntu ikuslegoa garatzeko estrategia eta 8 puntu lurraldean duen eragina-), euskararen erabilera (10 puntu) eta genero berdintasuna (5 puntu) izango dituzte kontuan.

Deialdia hilabetez izango da zabalik.