Irailaren 25etik 30era, 65. Donostia Zinemaldiarekin batera, egingo dute 4+5 Donostiako Zinemaldi Alternatiboa. Hiriko auzo ezberdinetako gaztetxe, elkarte, liburu-denda eta bestelako aretoak erabiliko dituzte filmak eskaintzeko, eta kritikotasuna eta aldarrikapena uztartzen dituen egitaraua prestatu dute.
2006an egin zuten aurrenekoz Donostiako Zinemaldi Alternatiboa, Parte Zaharrean, bertako Gazte Asanbladak antolatuta. 2010ean eman zioten jarraipena Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean, eta 2014ra arte, urtez urte, bestelako zinema, areto komertzialetatik aldenduta egon ohi dena, bizi dugun gizarte ereduarekin kritikoa dena, ikusteko aukera eskaini zieten bertan herritarrei. Urte hartan, ordea, berritze-lanak zirela eta, Itsas-Gain eta Txantxerreka gazteetxetan egin zituzten saioak.
2015ekoa izan zen Kortxoeneak hartu zuen azkeneko Zinemaldi Alternatiboa, urte hartako azaroan eraitsi baitzuten eraikina, eta hurrengo urtean, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren garaian, Donostia $aldu ta Suntsitu kolektiboak hartu zuen ekimena antolatzeko ardura.
Aurten 4 + 5 edizioa egingo dute, bederatzigarrena, eta hiriko elkarte, kolektibo eta norbanakoek antolatu dituzte saioak. Orotara bost film eskainiko dituzte, bat egunean, eta landuko duten gaiaren arabera, egun bakoitzari lelo bat jarri diote antolatzaileek. Ondorengoa da programazioa:.
- Irailaren 25ean, astelehena, Ez gara turistak gure herrian eta ez dugu izan nahi! lelopean, 19:00etan Txantxerreka gaztetxean: Bye Bye Barcelona (Eduardo Chibás Fernández, 2014) emango dute.
- Irailaren 26an, asteartean, Ez gara turistak gure herrian eta ez dugu izan nahi! lelopean, 19:00etan Añorga Txikiko Firestone Lantegi Berreskuratuan, Terramotourism (The Hand Rotation, 2017) dokumentala eskainiko dute.
- Irailaren 27an, asteazkena, Festa da festa, baina zer arraio da festa? lelopean, 19:00etan Alde Zaharreko Arrano Elkartean, Txapelik gabeko film laburren txapelketa herrikoia egingo dute.
- Irailaren 28an, osteguna, Donostiako etxe kolaboratiboa proiektuaren aurkezpena egingo dute 19:00etan Amara Zaharreko Kaxilda liburu-dendan, eta La borda, Cooperativa d’habitatge en cesió d’ús (izen bereko kolektiboaren web dokumentala) eta One Shared House (Irene Pereyra, 2016) dokumental laburra emango dituzte, halako esperientzien inguruan.
- Irailaren 30ean, larunbata, 19:00etan Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, zinema eta zuzeneko musika eskainiko dituzte, Olatz Salvador, Raitx, Asier Beramendi, Beñat Antxustegi, Eneko Sierra eta Jon Agiriano musikari donostiarrekin. Bakoitzari bi zine-pasarte aukeratzeko eskatuko diete, eta horiek eskaini eta azalduko dituzte segidan. Ostean, musika eskainiko dute pasarteak girotzeko.