Detroit

1967ko udan, Vietnamgo gerra tarteko, AEBtan egonezin politiko eta soziala zabaltzen zen bitartean, Poliziak sarekada bat egin zuen Detroit hiriko Algiers Motelean. Hiru gazte afroamerikar hil zituzten tiroz, eta beste zazpik eta bi neska zurik kolpe bortitzak jaso zituzten. Gertaera horien ondorioz, istilu arrazista gogorrak izan ziren ondorengo egunetan, eta 43 hildako eta kalte material ugari eragin zituzten. AEBen historiako herri altxamendu nagusietako bat izan zen. Bada, Kathryn Bigelow zinegile laudatuak 60ko hamarkadako jazoera hura kontatu du John Boyega, Jack Reynor, Hannah Murray eta dozena bat aktore bikainek osatutako taldea lagun. Filmak harrera beroa izan du.

La región salvaje

Amat Escalante zinegile mexikarrak, bere aldetik, drama, fantasia, zientzia fikzioa eta beldurra uztartzen dituen koktela osatu zuen iaz, Veneziako zinema jaialdian zuzendari onenaren garaikurra eskuratzeko balio izan ziona. Filmeko protagonistak Alejandra, Ángel eta Fabián izango dira. Lehen biak senar-emazteak dira, eta Mexikoko herri txiki batean bizi dira, haien bi seme gazteekin. Fabián, aldiz, Alejandraren anaia da; erizaina da, eta sexu harremanak ditu koinatu Ángelekin, nahiz eta lehena oso “matxoa” den lagunen aurrean. Halako batean, Verónica azalduko da. Fabiánek ospitalean artatuko du, eta neskak kontatuko dio, inguruko baso batean, utzitako txabola batean, mundu honetakoa ez den baina arazo guztiei konponbidea emateko gai den zerbait dagoela.

Jacques

1946ko udan, Cousteau familia Meditarreneoaren ertzean dagoen etxe batera joango da bizitzera. Leku zoragarria da, baina Jacques ez da zoriontsua; emaztearekin eta semeekin itsasoko izarrak bilatzea ez da nahikoa beretzat, eta abentura zirraragarriak bizi nahiko ditu, ozeanoak zeharkatu eta haietan ezkutatzen diren animaliak ezagutu, garapenaren izenean. Hamar urte geroago, nazioartean ezaguna izango da Jacques orotariko gailu berritzaile eta bereziak sortu dituelako. Baina sekulako gatazkak izango ditu Philippe semearekin, garapenak eta kutsadurak ondorio lazgarriak dituztela erakutsi nahiko baitio hark. Hala ere, elkarren arteko liskarrak alboratu eta Calypso ontzian joango dira bidaian. Jérôme Salle zinegile frantziarraren lan berrienean hartu dute parte Audrey Tautou, Lambert Wilson eta Pierre Niney aktoreek, eta kritikak hiru protagonisten lana goraipatu du.

Ali & Nino

Amy lanagatik dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen Asif Kapadia zinegileak bestseller homonimoan oinarritutako Ali & Nino gerra giroko drama aurkeztuko digu. Filmeko protagonistak Azerbaijango Baku hirian bizi diren aristokrata musulmana (Adam Bakri) eta printzesa kristaua (Maria Valverde) dira. Elkarrekin antzinako aurreiritzi eta ezinikusiak gainditu beharko dituzte, eta azkenik, amestutakoa lortuko dutenean, I. Mundu Gerra lehertuko da eta haiek ezagutu eta bizi duten gizartea suntsituko du. Filma Sundanceko jaialdian estreinatu zuten.

Fun Mom Dinner (Juerga de mamis)

Toni Collette, Bridget Everett, Katie Aselton eta Molly Shannon aktore estatubatuar ezagunak, aldiz, eguneroko familia-dinamikatik ihesi, festan irtengo diren lau amaren azaletan sartuko dira. Baina gauak aurrera egin ahala, egoera surrealista eta komikoei aurre egin beharko diete, eta haien artean uste baino antzekoagoak direla ohartuko dira pixkanaka. Elethea Jones zinegilearen lehen film luzea da.

Alibi.com (Agencia de engaños)

Frantzian, ostera, sekulako harrera izan zuen iaz Philippe Lacheau zinegilearen komediak. Filmeko protagonista Greg gaztea da. Augustin eta Medhi kideekin batera, Alibi.com izeneko enpresa sortu du; hala, bezeroek egoera zehatz bat zuritzeko laguntza behar dutenean, hau da,  une horretan beste nonbait zeudela frogatu behar dutenean, Greg eta bereengana jotzen dute. Baina Gregek Flo izeneko neska gazte bat ezagutuko du, eta berarekin maiteminduko da, neskaren aita enpresako bezeroa dela ohartuko den arte. Lacheauk berak antzeztuko du Gregen papera, eta Julien Arruti eta Tarek Boudali aktoreak izango ditu alboan.

Walk with Me (Camina conmigo)

Marc Francis eta Max Pugh zinegileen dokumentalak Thich Nhat Hanh maisu ezagunaren laguntzarekin, kontzientziaren erabilera perfekzionatzen ikasiko duten monje Zen Budisten komunitatearen erretratua egingo du.

Era o Hotel Cambridge (Hotel Cambridge)

Brasildik, halaber, Eliane Caffék zuzendutako bigarren dokumental bat helduko zaigu. Etxerik gabeko brasildarren eta etorkinen mugimendua modu ezberdin batean irudikatuko du filmak, Sao Pauloko eraikin huts bat nola hartuko duten erakutsiko baitu. Bertatik irtenearazi nahiko dituzte, eta tentsio horrek haien dramak, pozak eta arazoarekiko ikuspuntu ezberdinak azaleratuko ditu. Lanak 2015eko Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen.

Iqbal & den hemmelige opskrift (Iqbal y la fórmula secreta)

Danimarkatik haur eta gaztetxoentzako film bat helduko zaigu, Tilde Harkamp zinegileak 2015ean aurkeztu zuen lana. Hamahiru urteko Iqbal mutil zintzoa da, baina zientzia-eskolan egindako esperimentua gaizki irtengo da eta eskola lehertaraziko du. Une horretatik aurrera, arazoak saihesten ibili beharko da.

Spark: A Space Tail (Spark, una aventura espacial)

Eta etxeko gazteenentzako beste film batekin amaituko dugu asteko estreinaldien errepasoa. Kasu honetan, Kanadatik helduko da filma, eta abenturak eta zientzia fikzioa uztartuko ditu. Izan ere, Spark tximinoak eta haren lagunek Zhong generala gelditu beharko dute, Lurra arriskuan jarri duen plana burutu ez dezan.