Urriaren 28an abiatuko dute Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Astea, eta aurretik Sigtesen aurkeztu ostean, Donostiara helduko da Paul Urkijoren Errementari film fantastikoa, jaialdia zabaltzera. Horrez gain, festibalean proiektatuko dituzten 11 filmen izenburuak ere aurreratu dituzte.

Errementari-Fantasiazko-Beldurrezko-Astea-01

Ikusmira handia sortu da Urkijoren lehen film luzearen inguruan, izan ere, gasteiztarreren opera primaren ekoizpenean hartu du parte Alex de la Iglesia zuzendari eta ekoizle bilbotarrak, eta filma Sitgeseko Zinema Fantastikoaren Nazioarteko Jaialdi garrantzitsuan estreinatuko dute.

Patxi Errementariaren kondaira kontatuko du, eta nola Alfredo izeneko komisarioak, 1843an, Arabako herrixka batean jazotako gertakari misteriotsu bat ikertuko duen. Aztarnak jarraituz, Patxi izeneko errementariarengana iritsiko da; lapurretekin, hilketekin eta deabruarekin egindako itunekin lotutako istorioak kontatzen dituzte errementariaren inguruan. Eta ustekabean, Usue izeneko neskatilak, errementariaren atzean dagoen egia azaleratzea lortuko du.

Filmean hartu dute parte Kandido Uranga, Uma Bracaglia, Eneko Sagardoy eta Ramon Agirre aktore euskaldunek, eta euskaraz filmatu dute, garaiko hizkuntza eta euskalkia mantenduz.

Filmen aurrerapena

Jaialdia zabalduko duen filmaz gain, bertan ikusgai izango diren beste 11 lanen izenburuak ere ezagutarazi dituzte gaur antolatzaileek, ondorengoak:

  • Les Affamés (Robin Aubert, Kanada, 2017). Umorea eta izua uztartuko dituen film errealista, Affamés izeneko biztanle haragizaleen inguruan. Torontoko zinema jaialdian estreinatu dute filma.
  • Bad Black (Nabwana I.G.G, Uganda, 2016). 2016an Austin Fantastic Fest jaialdian ikusleen saria lortu zuen Kampalako aldirietan (Uganda), aurrekontu oso murritzarekin, errodatuko film lotsagabeak.
  • Before We Vanish / Sanpo suru shinryakusha (Kiyoshi Kurosawa, Japonia, 2017). Japoniako zinegile laudatuaren berrienak zientzia fikzioa erabili du desagertuta egon ondoren zeharo aldatuta itzuliko den Shinji izeneko gizonari buruzko istorioa kontatzeko.
  • Black Hollow Cage (Sadrac González-Perellón, Espainia, 2017). Hamahiru urteko Alice neskatilari buruzko filma; basoan, bakartutako etxe batean, bizi da aitarekin, eta ama eta beso bat galdu zituen istripu batean. Orain beso elektroniko bat erabiltzen ikasi behar du, baina ez zaio batere gustatzen, eta nahiago du itzulpen-gailu baten bidez hitz egiteko gai den Beatrice zakurrarekin egon.
  • The Crucifixion (Xavier Gens, AEB, 2017). Genero fantastikoan erreferentziazko egilea den zinegile frantziarraren lana egiazko gertaeretan oinarrituta dago. Exorzismo saio bat egiten ari zitzaion moja hiltzeagatik espertxeratu zuten apaizaren kasua ikertuko du Nicole Rawlins kazetariak.
  • The Endless (Justin Benson eta Aaron Moorhead, AEB, 2017). Benson eta Moorheadek hirugarrenez hartuko dute parte Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, oraingoan, sekta batetik ihes egin eta hainbat urtera, bertatik bidalitako bideo zinta bat jasoko duten Justin eta Aaron anaien inguruko lanarekin.
  • Jupiter’s Moon / Jupiter holdja (Kornél Mundruczó, Hungaria eta Alemania, 2017). Naturaz gaindiko ahalmenak eta etorkinen auzia uztartuko dituen filma. Aryan errefuxiatu siriarra Hungariako muga zeharkatzen ahaleginduko da, baina tiro egingo diote, eta lebitatzeko ahalmena eskuratuko du. Filma Cannesen aurkeztu zuten.
  • Meatball Machine Kodoku / Kodoku: Mitoboru mashin (Yoshihiro Nishimura, Japonia, 2017). 2005ean estreinatu zen izen bereko filmaren remakea da, efektu berezien Nishimura maisuaren eskutik. Filmak planeta konkistatu nahiko duten estralurtar odolzaleek Tokion eragingo duen sarraskia kontatuko du.
  • The Osiris Child: Science Fiction Volume One (Shane Abbess, Australia, 2016). Osiris planeta arriskuan egongo da, eta Sommerville tenienteak bere alaba salbatu beharko du, Lombrock presoa eta beste hainbat kide lagun dituela.
  • Los resucitados (Arturo de Bobadilla, Espainia, 2017). 1997an hainbat formatutan errodatu zen Arturo de Bobadillaren izen bereko filma, Gustavo Adolfo Bécquerren kondairaren inguruan, baina urte horretan desagertu zen filma, editatu ondoren. Hamar urte geroago azaldu zen kopia.
  • Revenge (Coralie Fargeat, Frantzia, 2017). Zinegilearen opera primak hiru gizon aberatsek eta haietako baten maitale gazteak egingo duten ehiza-joko arriskutsua pantailaratuko du. Gauzak dramatikoki konplikatuko dira, eta neska gazteak mendeku hartu nahiko du. Torontoko zinema jaialdian aurkeztu berri dute filma.