It-Zinea-Kritika-Mikel-Zumeta-04Zuzendaria: Andy Muschietti

Urtea: 2017

Herrialdea: AEB

Maitale-galtzaileak edo galtzaile-maiteak batzen ditu Steephen Kingen eleberriaz Andy Muschetti zuzendariak egin duen egokitzapenak. IT, zera hori, azaldu ezin den beldurra, pailazoz mozorrotuta dabilen mehatxua.

Beldurrak ez duelako formarik ezagutzen, beldurra beldur delako, eta nahi adina aldatuko da zure borondatea bereganatzeko, sakoneraino sartu eta urruneko zirrikituan gordeta duzun izuaz baliatzeko.

Ekaitza ari du, euri zaparrada; iluntzen ari da, eta ura, uholdea bailitzan, errepidean behera doa, espaloiko isurbidetik ezin sartu. Tximistak, eta argirik ez ia, oraindik ez dutelako gaueko argiteria piztu, eta kalean ez dago inor, bakarrik zoaz, pauso larriz. Bustitzen hasi zara, hotza egiten du, eta ahots bat entzun duzu deika, ia entzunezina; espaloitik dator, lurrean, isurbidean, zerbait dago, norbait dagoela dirudi, deika ari zaizu, zure izena esan du.

Begi sakon bezain aztoratzaile batzuk ikus ditzakezu isurbide barruan. Norbait dagoela dirudi, badakizu ez dela ideia ona hurbiltzea, baina ez zara izutia. Makurtu egin zara, burua isurbidearen parean jarri duzu, zure bihotz-taupadak entzuten dituzu, baina arnasestuak ez dizu ondo entzuten uzten, tinpanoak gainezka dauzkazulako. Alboetara begiratu duzu, ez dago inor, geroz eta ilunagoa da gaua, eta isurbidera begiratu duzu.

“Mesedez, mesedez!”, esan dizu barruan dagoen horrek, “Lagunduko didazu irteten? Atera nahi dut, emango didazu eskua? Trabatu egin naiz eta ezin dut atera”. Ahots ozena da, oilo-ipurdia jarri zaizu, ez duzu bere erreguari ezetz esateko modurik topatzen. Eskua luzatu diozu, zure pentsamendu logikoak ezer txarrik gertatuko ez dela esaten dizu-eta. Eskua luzatzen hasi zara, pixkanaka ziega iluna dirudien isurbide barrura sartu duzu. Begi aztoratzaileak dituen zera horri eskaini diozu eskua, eta bera berea luzatzen hasi da irrikaz, gosez.

Eta badakizu zer den hurrengoa, badakizu zer gertatuko den eskua hartzen dizunean, baina ez duzu sinetsi nahi. Kamera geldoan, segundoak luzatuko dira.

Bat batean, eskumuturretik tira egin dizun kolpe lehor bat sumatuko duzu, zure gogoaz jabetu da, eta ilunpetan sartuko zaitu, baina plop!

Film bat da, eskerrak bertatik atera zaitezkeen! Alboetara begiratu eta konturatuko zara ez dela ezer gertatzen. Hau da It filmarekin gertatzen dena, une onak dituela, uneak, baina. Momentu jakin batzuetan filmean sartuko gara, eta beldurtu egingo gaitu, baina ez du helburua guztiz lortuko. Momentu beldurgarrien batuketa dirudien lehen zatian pertsonaiak ezagutzen joango gara. Modu behartu eta bortxatu samarrean, tarteka, ikara eragingo diguten sustoak topatuko ditugu. Umorea filmean zehar txertatuko da, etengabe, baina umore horrek eszena batzuei indarra emango dien modu berean kenduko die beste batzuei.

Bigarren zatian dagoeneko protagonistekin bat egiten hasiak izango gara, eta euren beldurrak geureganatuko ditugu. Honekin batera, filmak ikara eragiteko duen gaitasuna areagotuko da.

Zintaren tonua nahasia izango da, klima desberdinak erakutsiko ditu, eta laguntasuna eta zintzotasuna kalte ororen sendabelar gisa irudikatuko ditu. Egunerokotasunarekin lotuagoak dauden beldurrak, eta ez horrenbeste, agerikoak eta guztiz sinesgaitzak izan daitezkeen arriskuak.

Eta hau da gakoa, galtzaileen klubekoak garenok, dagoeneko galdu dugula, horregatik, agian, ez gara beldur, eta ez dakit noizbait beldurrik izango dugun. Baina galtzaile maiteok, filmak erakutsiko digu, gauza asko galdu ondoren, beldurra izango dela galduko duguna.

Batzuetan, galtzearen eta irabaztearen arteko mugak arinak direlako.