Zer ikusi 65. Donostia Zinemaldian?

Igandean, irailak 17, jarriko dituzte salgai 65. Donostia Zinemaldiko sarrerak, eta egitaraua horren da zabala, non askorentzat zer ikusi eta zer alboratu erabakitzea benetan zaila den.

Horregatik, sail nagusietan eskainiko dizuten filmen errepasoa egin dugu, eta horien artean Zinea atariko lantaldearen iritziz interesgarrienak direnak zerrendatu ditugu, lagungarri izango zaizuelakoan… Sail Ofizialean eta Perlak sailean izenburu gehiago topatuko dituzue, aukeraketa egitea nekezagoa izan baita.

Filmak aukeratzerako orduan jorratutako gaia eta ikusitako aurrerapen-irudiak hartu ditugu kontuan, baita egileen erreferentziak ere. Dena den, sarrerak erosi aurretik, larunbatean bertan eskuragai jarriko duten programa aztertzea gomendatzen dizuegu, zuen gustuen araberako agenda osatzeko.

Zer-ikusi-zinemaldian-03

Segidan, beraz, gure gomendioak:

Sail Ofiziala

  • Handia (Aitor Arregi eta Jon Garaño). Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela ohartuko da. Mundu osoak planetako gizonik handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Eneko Sagardoy eta Joseba Usabiaga dira filmeko protagonistak.
  • Life and Nothing More (Antonio Méndez Esparza). Nerabezarotik heldutasunera igarotzear denean, Andrewk helburu bat jarri nahiko dio bere buruari, gazte afroamerikar gisa, egungo AEBtan bere lekua aurkitzeko. Hala, Andrewek bere gain hartu beharko du familiaren erantzukizunaren presioa. Alde egin zuen aitarekin harremanetan jartzeko ahaleginak bidegurutze arriskutsu batera eramango du.
  • Ni juge, ni soumise / So Help Me God (Jean Libon eta Yves Hinant, Frantzia eta Belgika). Strip-Tease telesail dokumentalaren atzean dagoen taldeak Anne Gruwez Bruselako epaile bereziaren kasua jarraituko du.

Perlak

  • You Were Never Really Here (Lynne Ramsay, AEB eta Frantzia). Indarkeria-erauntsi batek sikario basati eta oinazetua erreskate-misio batera eramango du. 2011n aurkeztu zuen We Need To Talk About Kevin filmarekin arrakasta handia lortu zuen Ramsay zinegile eskoziarrak.
  • Mother! (Darren Aronofsky, AEB). Maitasunari, debozioari eta sakrifizioari buruzko thriller psikologiko liluragarria, bikote baten ikuspegitik. Veneziako zinemaldian FIPRESCI saria jaso du, eta Torontoko zinema jaialdian ere harrera beroa egin diote Jennifer Lawrence eta Javier Bardem protagonista dituen filmari.
  • Call Me By Your Name (Luca Guadagnino, Italia eta Frantzia). Sundanceko eta Berlingo jaialdietan eskaini zuten lana. Hamazazpi urteko Elio eta 24 urteko Oliver gazteen arteko harremanari buruzko filma, 1983ko Italia iparraldean girotutakoa.
  • Sando-me no satsujin (The Third Murder, Hirokazu Koreeda, Japonia). Shigemori abokatuak Misumi hiltzailea defendatu beharko du. Bezeroak berak erruduna dela aitortu du, baina kasua ikertu ahala, erruduntasuna zalantzan jartzeko hasiko da Shigemori. Koreeda aukera segurua da.
  • 120 Battements par minute (Robin Campillo, Frantzia). 90eko hamarkadako Parisen, hiesaren inguruko kontzientziazio kanpainetan lan egin zuten gazte aktibistei buruzko lana. Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen.

Zuzendari Berriak

  • Princesita (Marialy Rivas, Txile-Espainia-Argentina). Hamabi urteko Tamara gaztea Miguel karismadunaren zaintzapean bizi da, eta hark zeregin bat jarriko dio neskari: elkarrekin haur saindu bat izan beharko dute, lehen hilerokoa izan orduko.
  • Matar a Jesús (Laura Mora, Kolonbia-Argentina). Paula (22) bere aitaren hilketaren lekuko izango da. Hilabete batzuk geroago, ustekabean, Jesús ezagutuko du, eta aitaren hiltzailea dela irudituko zaio. Mora zuzendariak bizitako gertaeretan oinarritutako filma.

Zabaltegi-Tabakalera 

  • 12 jours (Raymond Depardon, Frantzia). Frantzian 92.000 lagun sartzen dituzten urtero zentro psikiatrikoetan haien baimenik gabe. Ospitaleak 12 egun izaten ditu pazientea epailearen aurrean jartzeko, eta geratu behar duen ala ez erabakitzeko.
  • Brauguino (Clément Cogitore, Frantzia). Braguinon, Siberiako Taigaren erdian eta hurbilen dagoen herritik 450 miliatara, Braguinetarrak eta Kilinetarrak bizi dira. Bi familia horiek ez dute beste inorren beharrik, eta beren arauen arabera bizi dira.

Zinemira

  • Non (Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchs). Frantziako hiri txiki bat, 2016ko lan-erreformaren garaian. Radial enpresak ateak itxiko ditu greba gogor baten ondoren. Jeansé, Juliette, Bruno, Christine eta Pierre kanporatze-prima iraingarria irensteko elkartu dira. Etxerako bidean, Brunok bortizki uko egingo dio jendarme-kontrol bati. Non film koralak langile talde baten kexa kutsakor eta sumindua kontatuko du.
  • Elkarrekin – Together (Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa). Euskal arkeologoen espedizio batek AEBko ekialdean hutsik dagoen irla urrun batera bidaiatuko du. Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen. Espedizioko kideekin batera joango gara, lanbro artean, zuhaitz eta harri-labirinto batean barrena.

Horizontes Latinos

  • Una mujer fantástica (Sebastián Lelio). Marina zerbitzari gazteak abeslaria izan nahi du; Orlando, berriz, inprimategi baten jabea da. Etorkizunerako planak egingo dituzte, baina Orlando bat-batean hilko da, eta Marinak Orlandoren familiari eta gizarteari aurre egin beharko dio: emakume konplexua, indartsua, zintzoa… zoragarria! Filmak Sebastiane Latino saria jasoko du, eta Berlinale jaialdian Teddy saria eta gidoi onenaren garaikurra lortu zituen.
  • Medea (Alexandra Latishef, Costa Rica, Argentina eta Txile). María Joséren bizitza monotonoa da, eta bizimodu arrunt bat izateko egiten dituen ahalegin guztietan porrot egingo du. Izan ere, sekretu bat ezkutatzen du: haurdun dago. Zinema Eraikitzen.

Culinary Zinema

  • Michelin Stars – Tales from the Kitchen (Rasmus Dinesen, Danimarka). Elikadurarekin obsesionatuta bizi garen garaian, Dinesenen lanak Michelin izarrak dituzten sukaldari eta jatetxeen munduaren errealitatea erakutsiko du, gidaliburuaren handitasunak eta miseriak bistaratuz. Aurretik gastronomiari buruzko film luze bat eta telesail dokumental bat ere zuzendu ditu. Afaria: Elena Arzak (Arzak), Kamilla Seidler (La Pazeko Gustu) eta Alain Weissgerber (Schützen am Gebirgeko Taubenkobel).
  • Ramen Heads (Koki Shigeno, Japonia). Zopa eta fideoz osatutako ramena egiten maisua da Osamu Tomita sukaldari japoniarra. Obsesiboki egiten du lan, osagai onenak bilatu eta platerik dastagarrienak prestatzeko. Dokumentalak Tomitaren eta haren zaleen bizitzetako hamabost hilabete kontatuko ditu. Afaria: Sukaldaria bera etorriko da Donostiara filmarekin batera eskainiko duten otordua prestatzera.

Savage Cinema

  • Mountain (Jennifer Peedom). Dokumentalak mendia du aztergai, eta bereziki, mendiak milioika lagunengan eragin ditzakeen zirrara eta lilura. Sherpa lanagatik BAFTA saria eskuratzeko proposatua zuten Jennifer Peedom zinegilea eta Australiako Ganberako Orkestra daude proiektuaren atzean, eta Bilbao Mendi Film Festivalarekin elkarlanean antolatutako emanaldia izango da.
  • Secrets of Desert Point (Ira Opper, AEB). Bill Heick surflari gazteak eta haren lagunek Indonesian aurkitituko Desert Point olatu ezkutuaren inguruko lana.

Made in Spain

  • Estiu 1993 (Carla Simón). Urteko film esanguratsuenen artean dago Simónen haurtzaroa oinarri duen film hunkigarria. Gurasoen heriotzaren ostean, Bartzelona utzi eta Kataluniako landa-ingurura osaba-izebekin bizitzera joan beharko den sei urteko Fridaren uda kontatuko du lanak. Zinegilearen lehen film luzea da, eta Berlinalen saritu zuten. 2018ko Oscar sarietan Espainiaren ordezkaria izango da.
  • La mano invisible (David Macián). Izen bereko Isaac Rosaren eleberrian oinarritutako filmak lan munduaren inguruko hausnarketa egingo du. Aktoreen artean da Josean Bengoñetxea euskalduna ere. Filma iragan apirilean heldu zen zinema aretoetara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude