Bizitzatik gertuegi

Lagun batek Boyhood (Richard Linklater, 2014) ikusi zuenean, guk ezagutzen dugun bizitzatik gertuegi zegoela esan zidan, arruntegia zela, mutiko baten bizitza baino ez zela. Niri gustatuko zitzaidala (ondo ezagutzen ditu nire gustuak). Soziologikoki ariketa interesgarria iruditu omen zitzaion (12 urtez grabatu zuten filma aktore berdinekin), baina istorioak hotz utzi zuen. Iaz Paterson filma (Jim Jarmusch, 2016) ikusten ari nintzela lagun hartaz oroitu nintzen. Paterson filmak autobus gidari eta poeta afizionatu baten istorioa kontatzen digu, bere eguneroko errutina jarraituz. Niri bikaina iruditu zitzaidan, baina nire laguna irudikatu nuen “bizitzatik gertuegi” dagoela esanez.

'Boyhood' (2014)

‘Boyhood’ (2014)

Argi dago batzuentzat zinema egunerokoaz deskonektatzeko plataforma bat besterik ez dela eta “errealegiak” diren filmek ez dietela horretarako aukera ematen. Aldi berean, gero eta drama eta akzio dosi gehiago ikustera ohitu gara. Beraz, apur bat motelagoa den edo nire lagunak esango lukeen bezala “ezer gertatzen ez den” filme batek, jokoz kanpo harrapatzen gaitu.

Niretzat harribitxiak dira. Egungo ikuslegoaren gehiengoak exijitzen dituen estandarrak ez jarraitzea hain da zaila, hori lortzen duen filmeak nire miresmen osoa duela. Izan ere, txikitatik jaso ditugun konbentzio batzuk dira, irakurtzen genituen ipuin guztiek zuten akzio puntu hori: otsoa akabatu behar zen, erregina gaiztoarengandik ihes egin edo printzesa salbatu. Oso barneratuta ditugun arau horiek haustea ez da erraza. Baina, aldi berean, azalekoak diren gauza horiek guztiak alboratzeak filma borobilagoa egiten duten detaileetan zentratzea ahalbidetzen du, eta niri izugarri gustatzen zaizkit detaile txikiak dituzten istorioak.

'Paterson' (2016)

‘Paterson’ (2016)

Bizitzatik gertuegi dauden film horiekin gauza kurioso bat gertatzen zait: maila pertsonalean hartzen ditut. Nirekin zerikusirik ez duten pertsonaiak badira ere, niri zuzendutako filmak direla sentitzen dut, nire bizitzaren alderdi konkreturen bati buruz hitz egiten ariko balira bezala. Beti sentitzen naiz nola edo hala identifikatuta, eta horrek film bat oso gertukoa egiten du, baina zentzu onean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude