65. Donostia Zinemaldiko sarrerak salgai jarri dituzte

Gaur, irailak 11, jarriko dituzte salgai 65. Donostia Zinemaldiko inaugurazio, itxiera eta Donostia Sarien galetarako sarrerak, 9:00etatik aurrera, Internet bidez. Gainerako saioetarako sarrerak, aldiz, irailaren 17an, igandea, izango dira eskuragai, 9:00etatik aurrera, baita ere, baina kanal guztietan: Kursaalen zein Interneten.

Zinemaldia-2017-Kartela-Zinea-02

Bi aste baino gutxiago falta dira 65. Donostia Zinemaldia abiatzeko! Eta ohi bezala, sarrerak pixkanaka jarriko dituzte eskuragai. Gaur bertan, irailak 11, esaterako, gala berezietarako sarrerak eros daitezke:

  • Festibalaren inaugurazio gala irailaren 22an egingo dute, eta Wim Wenders zinegilearen Submergence lan berria eskainiko dute bertan. Sail Ofizialean lehiatuko da, eta zuzendaria bera eta Alicia Vikander aktorea etorriko dira lana aurkeztera. Sarrerak 70 euro balio ditu.
  • Jaialdiaren itxiera gala eta sari-banaketa ekitaldia, ordea, irailaren 30ean izango dira, eta bertan Björn Runge zinegilearen The Wife filma eskainiko dute. Glenn Close, Jonathan Pryce eta Annie Starke antzezleak eta zinegilea bera galan izango dira. Sarrerak 70 euro balio ditu.
  • Agnès Varda zinegile belgikarrak irailaren 24an, igandea, jasoko du Donostia Saria Victoria Eugenian egingo duten galan. Bertan bere lan berria, Visages, Villages, emango dute. Sarrerak 9 euro balio ditu.
  • Ricardo Darín aktore argenintarrak Donostia Saria jasoko du irailaren 26an, asteartea, Kursaal aretoan egingo duten galan, 22:00etatik aurrera. Bertan La cordillera (Santiago Mitre) filma proiektatuko dute. Sarrerak 35 euro balio ditu.
  • Monica Bellucci aktore italiarrak, ordea, irailaren 27an, asteazkena, jasoko du Donostia Saria Antonio Elorza Belodromoan egingo duten ekitaldian, 20:00etatik aurrera. Bertan Malena (Giuseppe Tornatore) eta Under Suspicion (Stephen Hopkins) filmak eskainiko dituzte. Sarrerak 9 euro balio ditu.

Gainerako sarrera guztiak, ordea, irailaren 17an, igandea, jarriko dituzte salgai, bai Zinemaldiko Plazako lehiatiletan, Kursaalen, baita Interneten ere.

Sarrera orokorrak 7,20 euro balio ditu, baina 10 sarrera baino gehiago erosiz gero, % 10eko deskontua egingo dute. Era berean, Kutxabanken Gazte Txartela erabiliz erosketa egiten duten gazteek % 50eko deskontua lortuko dute sarrera bakoitzean. Eta Donostia Kultura Txartela eta Gazte Txartela erabiltzen dutenek, azkenik, % 10eko deskontua izango dute.

Jaialdiko programazioa irailaren 16an, larunbata, jarriko dute eskuragai Zinemaldiaren webgunean. Eta informazio gehiago nahi izanez gero, sartu Zinemaldiaren orrialdean.