Monica Belluccik eta Agnès Vardak ere jasoko dute Donostia Saria

65. Donostia Zinemaldiaren aurkezpenean iragarri du Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak albistea: Monicca Belluci aktore italiarrak eta Agnès Varda zinemagile belgikarrak, Ricardo Darín aktore argentinarrarekin batera, jasoko dituzte aurtengo Donostia Sariak. Biak ala biak Donostiara etorriko dira garaikurra aurrez-aurre jasotzera.

Donostia Zinemaldiko prentsaurrekoetan egiten den galderarik ohikoenak badu erantzuna, eta ez edonolakoa, gainera. Izan ere, kazetariek eta ikusleek irrika handiz itxaroten dute urtero Donostia Sari(ar)en iragarpena. Bada, aurtengo lehen izena espero baino lehenago heldu zen, ekainaren erdialdean: Ricardo Darín. Ibilbide mamitsu eta arrakastatsua duen aktoreak erabat asebete zituen jaialdiari glamourra eta izarrak eskatzen dizkioten zinezaleak.

Baina gaur, 65. Donostia Zinemaldiaren aurkezpen orokorrean, Darínen maila berean dauden beste bi emakumezkoren izenak eman ditu aditzera Rebordinosek.

Dena den, aurrerantzean, Donostia Sariak glamourra ekarriko duten aktoreak ez ezik, zinemaren beste alorretan diharduten profesionalak ere sarituko dituela azpimarratu du. “Haien zinema maite dugula adierazi nahi diegu sariarekin”, azaldu du.

Monica-Bellucci-Zinea

Monica Bellucci

Città di Castellon, Italian, 1964an jaio zen aktore italiarra. Modelo moduan lanean hasi bazen ere, 1990ean egin zuen jauzi zinemara. Hasieran bigarren mailako pertsonaiak antzeztu zituen, hala nola, La Riffa (Francesco Laudadio, 1991) eta Bram Stoker’s Dracula (Francis Ford Coppola, 1992) filmetan, baina lanotan erakutsitako dohainekin liluratuta, paper garrantzitsuagoak eskaini zizkioten, eta 1996an Cesar sarirako hautagaia izan zen emakumezko aktore onenaren kategorian, L’appartement (Gilles Mimouni, 1996) filmean egindako lanagatik.

Une horretatik aurrera etenik gabe hasi zen lanean, bai etxean, baina baita Europan eta AEBtan ere, eta urtean hiruzpalau filmetan hartu zuen parte, besteak beste, Isabel Coixeten, Stephen Hopkinsen, Giuseppe Tornatoreren, Christophe Gansen, Antoine Fuquaren, Gaspar Noéren, Wachowski neba-arreben eta Gabriele Muccino zinegileen aginduetara.

Bellucciren lan nabarmenen artean daude L’ultimo capodanno (Marco Risi, 1998), Malèna (Giuseppe Tornatore, 2000), Under Suspicion (Stephen Hopkins, 2000), Le pacte des loups (Christophe Gans, 2001), Irréversible (Gaspar Noé, 2002), Tears of the Sun (Antoine Fuqua, 2003), The Matrix Reloaded (Wachowski neba-arrebak, 2003), Ricordati di me (Gabriele Muccino, 2003), The Passion of the Christ (Mel Gibson, 2004), The Brothers Grimm (Terry Gilliam, 2005), Le Deuxième souffle (Alain Corneau, 2007), Shoot ‘Em Up (Michael Davis, 2007), Don’t Look Back (Marina de Van, 2009) eta The Sorcerer’s Apprentice (Jon Turteltaub, 2010) filmak.

Saria Belodromoan egingo duten emanaldi bikoitzean jasoko du, eta Under Suspicion eta Malena filmak eskainiko dituzte bertan, Belluccik berak aukeratutakoak.

Agnes-Varda-Zinea

Agnès Varda

Ixellesen, Belgikan, 1928an jaio zen zinegile belgikarra. Frantziako Olatu Berria mugimenduaren “amona” dela diote kritikari ugarik, eta bere film, dokumental eta bideo-instalakuntzek nortasun errealista eta soziala dute. Artearen Historia ikasi zuen École du Louvren, eta argazkilari bezala hasi zen lanean; baina lagun batentzako bideo txiki bat grabatu ostean, zinemagintzan murgiltzea erabaki zuen. Hala, 1954an aurkeztu zuen bere lehen filma, Le Pointe Courte.

Ondorengo urteetan Cléo de 5 à 7 (1961), Le bonheur (1965), Les créatures (1966), Daguerréotypes (1975) eta Réponse de femmes (1975) etorriko ziren, besteak beste, eta 1985ean aurkeztu zuen Sans toit ni loi lanari esker, Veneziako zinema jaialdiko Urrezko Lehoia eskuratu zuen.

Jacques Demy zinegilearekin ezkonduta egon zen, eta hiru film eskaini zizkion: Jacquot de Nantes (1991), Les Demoiselles ont eu 25 ans (1993) eta Les cent et une nuits de Simon Cinéma (1995), zinegilea 1991n zendu baitzen. Las playas de Agnès dokumental biografikoaren bidez, halaber, Cesar saria jaso zuen 2009an, eta urte berean Légion d’Honneur sari garrantzitsua jaso zuen Frantzian, zinemagintzaren alorrean egindako lanagatik. 2018an, gainera, Ohorezko Oscar saria jasoko duela jakin genuen atzo.

Zinemaldian, Visages, Villages bere lan berria aurkeztuko du Victoria Eugenian, eta orduan jasoko du Donostia Saria.

Izarrak, Donostian

Gainera, Donostiara etorriko direla baieztatu dutenen artean, Javier Bardem, Bérénice Bejo, Steve Coogan, Glenn Close, Penélope Cruz, James Franco, Jean-Pierre Léaud, Benoît Magimel, Arnold Schwarzenegger, Paz Vega -Latinoamerikako Zinemaren Jaeger-LeCoultre sariduna- eta Alicia Vikander egongo direla gaineratu du Rebordinosek, eta datozen egunetan gehiago izango direla.

Epaimahaikideei dagokienez, aldiz, John Malkovich izango da Sail Ofizialeko epaimahaiaren burua, eta, besteak beste, Dolores Fonzi eta Emma Suárez antzezleak, William Oldroyd zinemagilea, Paula Vaccaro ekoizle eta gidoilaria, eta Fabio Cianchetti argazki zuzendaria izango ditu epaimahaikide.

Epaimahaikide guztiak ezagutzeko, sartu jaialdiaren atarian.