Gehitu elkarteak LGTBI kolektiboaren errealitate, askatasun eta aurrarabide sozialak hoberen islatzen dituen Zinemaldiko filmari Sebastiane saria ematen dio urtero. Bada, 65. Donostia Zinemaldian zazpi izango dira hautagaiak, Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Perlak, Culinary Zinema eta Made In Spain sailetan eskaintzeko aukeratutakoak.


Sebastiane-Latino-Zinea-2017-02

Hemezortzigarren edizioa izango du Gehitu elkartearen Sebastiane sariak, eta irailaren 29an emango dute, Donostia Zinemaldian. Gala horretan aurtengo Sebastiane Latino saria jaso duen Una mujer fantástica (Sebastián Lelio) film txiletarra eskainiko dute, gainera.

Ondorengoak dira Sebastiane 2017 sarirako zazpi hautagaiak:

  • Soldatii. Poveste din ferentari / Soldiers. Story From Ferentari (Sail Ofiziala). Adi antropologo gaztea Bucaresteko Ferentari auzora joango da neskalagunarekin, bertako manele musikaren inguruko azterketa idaztera. Alberto preso ohi erromania ezagutuko du bertan, eta maitasun harreman bat abiatuko dute.
  • Cargo (Zuzendari Berriak). Ipar Itsasoko ur hotzetan, Leon Broucke arrantzalea uretara eroriko da, eta koman geratuko da. Egoera berri horren aurrean, gatazka sortuko da hiru semeen artean, izan erre, Francisek ez daki zer egin: familiarekin geratu ala maitale ezkutuarekin ihes egin.
  • Una mujer fantástica (Horizontes Latinos). Sebastiane Latino saria jaso du Marina zerbitzari gazteak Orlando mutil-lagunaren heriotzari aurre nola egiten dion kontatuko duen filma. Berlinalen Teddy saria eta gidoi onenaren garaikurra eskuratu zituen.
  • 120 Battements par minute / 120 Beats Per Minute (Perlak). Cannesko zinema jaialdian epaimahaiaren sari nagusia lortu zuen 90eko hamarkadako Parisen, HIESaren inguruan kontzientzia pizteko helburua zuten gazte taldeei buruzko dramak.
  • Call Me By Your Name (Perlak). Elio hamazazpi urteko gaztea da, eta familiak Italia iparraldean duen XVII. mendeko etxean ematen ditu egunak. Oliver izeneko 24 urteko mutil estatubatuarra Elioren aitari laguntzera etorriko da, eta pixkanaka, elkarrekiko desira sentitzen hasiko dira bi gazteak.
  • The Cakemaker (Culinary Zinema). Thomas pastelgile gazteak maitasun harreman bat hasiko du Oren negozio-gizon israeldarrarekin. Baina Oren Jerusalemera itzuliko da, eta auto-istripu batean hilko da bertan. Thomasek bertara joatea erabakiko du, erantzunen bila.
  • Pieles (Made in Spain). Eduardo Casanovaren lehen film luzeak fisikoki ezberdinak diren hainbat pertsonaren bizimodua du hizpide. Pertsona bakartiak dira, gizarteak baldintzatuta, etxean ezkutatuta bizi direnak.