Kritika: ‘Hostages’

Hostages-Zinea-Poster-01Zuzendaria: Rezo Gigineishvili

Urtea: 2017

Herrialdea: Georgia

Hegoak ebaki banizkio, neria izango zen… ez zuen alde egingo. Koitaduak hegalik gabekoak, arimarik gabeko gaixoak, irudimenarekin bada ere, ihes egiteko aukera lapurtu dieten errukarriak. Kaiolak ez direlako soilik fisikoki eraikitzen, preso daudenek alde egin ez dezaten. Kaiolak ikasi ere egiten direlako, barneratu eta birsortu. Ikasitako kaiola izurritea bailitzan zabaltzen delako, ezarritako mugek tinko egin dezaten, barrua eta kanpoa bereizi ez daitezen.

Horrelakoak dira totalitarismoak, ongizatearen lelopean ito arte estutzen duten erregimenak, askatasuna aldarrikatzen duten kontrol makinariak. Ekialdeko SESBeko errepublikez ari naiz. Gigineishvili zuzendariak azaldu bezala, Georgiaz hain zuzen, bere aberriaz, bere iraganaz, lurzorutik bi metrotara lurperatu nahi izan den iraganaz.

Zintak 1983 urtean jazotako gertakari historiko baten nondik norakoa azalduko ditu. Nika, Ana eta euren lagunen istorio latza. Georgiako elite intelektualaren parte zen gazte talde honek denetik zuen, erregimeneko biztanleriaren gehiengoak ez bezala. Ez zuten nahikorik ala?

Ezkontza izango da askatasunerako zeharbidea, erregimen zapaltzailetik alde egiteko antolatuko duten maisu-plana. Ezagutuko bagenitu bezala agertuko zaizkigu pertsonaiak. Nikak eta Anak beren nortasuna eta kultura izerdituko dituzte ezkon-afariko dantzaldia irudikatzen duen plano zoragarrian, gaztetasunaren inozentzia eta indarra ongi bezain ongi erakusten digun koreografia ederrean.

Kamera besoetan filmaturiko zinta honetan pertsonaia bat gehiago izango gara, argazki eder bezain monokromatikoan, espazioan eta denboran zehar bidaiatuko dugu helburu askeago baten bila. Oilo-ipurdia jarriko zaigu Tbilis atzean utzi eta hegan egiten hasiko garenean, askatasuna hatz puntekin ukitzera hurbilduko garenean. Bidean lagunduko digun soinu banda hegaldian bertan filmatuko diren ekintzek osatuko dute, negar, arnasestu, algara eta oihuen artean, sakeleko bideo-joko bateko zortzi biteko soinu baldarra.

Inuzenteak! Horixe direlako; errugabeak, xaloak, eta horregatik dira ausartak, asmo txarrik ez dutelako, itxaropena dutelako, ez dutelako amore eman. Baina zer egin amore ematen duen masak lotzen zaituenean? Iritzi kritikoa xuxurlatzeko ia gaitasunik ez duen inguru txikiak ere gogoa isilarazi nahi dizunean? Zer gehiago nahi zuten protagonistek? Dena zuten eskura, esker txarreko gazte burgesak. Askatasuna tabu bilakatu duen gizarteak desadostasun guztiak eraso neurrigabeak balira bezala jasotzen dituenean, eta hauek era berean neurrigabeak diren erantzunekin kontraerasotzen dutenean, lur azpian trapu zikin guztiak ezkutatzeko, zabortegi ilunetan bezala. Ideiak, asmoak eta ametsak, guztiak lurpean, ez daitezen gehiago entzun.