Koldo Zuazuak jasoko du IV. SADE saria

SADE enpresak izen bereko sariak banatzen ditu 2014az geroztik, euskal profesionalek zinemaren alde egindako lana goraipatzeko. Laugarren garaikurra Koldo Zuazua (Donostia, 1971) ekoizleak jasoko du irailaren 14an Astoria hotelean egingo duten sari-banaketa ekitaldian, “bere ibilbide profesional bikainaren” harira.

Koldo-Zuazua-EZAE-Zinea-02

Ibilbide oparoko ekoizlea da Zuazua, Kowalski Films ekoizpen etxeko zuzendaria, arrakasta handiko filmez gain, film ausartagoak eta pertsonalagoak ere osatu baititu. Lehen taldean sar ditzakegu, esaterako, Ocho apellidos vascos (Emilio Martínez Lázaro, 2014) eta Zipi eta Zape (Oskar Santos) sagako bi filmak. Baita Cuerpos de élite (Joaquín Mazón, 2016) eta Embarazados (Juana Macías, 2016) komediak ere.

Baina publikoak zein kritikak bestelako lanak ere txalotu ditu, hala nola, La pelota vasca (Julio Medem, 2013) terrorismoari buruzko dokumental polemikoa, Caótica Ana (Julio Medem, 2007) drama erromantikoa, Yo también (Álvaro Pastor eta Antonio Naharro, 2009) drama erromantikoa, Chaika (Miguel Ángel Jiménez, 2012) drama, Violet (Luiso Berdejo, 2013) komedia erromantikoa edota La herida (Fernando Franco eta Enric Rufas, 2013) drama pertsonala, urte hartako Donostia Zinemaldian epaimahaiaren sari berezia eta emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra (Marian Álvarez) eskuratu zituen lana.

Aurten, esaterako, Fernando Francoren Morir (La herida arrakastatsuaren eskema bera jarraitzen duen proiektua) Sail Ofizialean aurkeztuko du, baita Moriarti eta Irusoin ekoizpen etxeekin batera ekoitzitako Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi) euskal filma ere. Horrez gain, Fernando Colomok zuzendutako La Tribu proiektuan hartu du parte, uneotan postproduzkio fasean dagoen lana.

Horrez gain, proiektuak Donostiara ekartzeko joera ere azpimarratu nahi izan du SADEk saria ematerako unean, Zuazuak ekoitzitako film asko bertan errodatu baitira.

Saria irailaren 14an emango diote, Astoria hotelean egingo duten ekitaldian.