Ikusmira Berriak egonaldi artistikoa egunotan egiten ari dira

Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak antolatutako Ikusmira Berriak programaren helburua ikus-entzunezko proiektuak babestea da, eta hirugarren edizioan aukeratu dituzten bost sortzaileak abuztuaren 21az geroztik daude Donostian, programak eskainitako sorkuntza egonaldia burutzen. Urriaren 1era arte egongo dira gurean, eta orain arte egindako lanaren inguruko balorazioa egin dute.

Ikusmira-Berriak-Egonaldia-Zinea

“Ikusmira Berriak programak tresnak ematen dizkigu, hala alderdi teknikoan nola giza alderdian, gurearen moduko proiektuak garatu ahal izateko”, azaldu dute Ikusmira Berriak programan parte hartzen ari diren bost sortzaile gazteek.

Maider Fernández Iriarte (Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreen kategorian), Helena Girón eta Samuel M. Delgado (Espainiako gainerako lurraldeko errealizadoreen kategorian), Julia Pesce (Nazioarteko errealizadoreen kategorian, Argentinatik), eta Leo Van Dijl (iazko Donostia Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaguneko parte-hartzaileen kategorian, Belgikatik) dira aurtengo deialdian aukeratutako bost lagunak.

Orain arte, Fernanda del Nido ekoizlearen, eta Tizza Covi eta Rainer Frimmel zinegileen eskola masitralak jaso dituzte Tabakaleran. Bosgarren astean, ordea, Donostia Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan egingo duten pitching saioa prestatuko dute, nork bere proiektua nazioarteko ekoizle, salmenta-agente eta industriako profesionalei aurkezteko. Eta egonaldiaren azken astean Donostia Zinemaldiaz gozatzeko aukera izango dute, hainbat jardueratan parte hartuz.

“Donostia Zinemaldian izatea abagune ona da gure proiektuetarako sinergiak eta aliantzak bilatzeko, baita aukera berezia ere, inspirazio-iturria izango diren beste lan batzuk ezagutzeko”, azaldu dute egoiliarrek. 20.000 euroko diru-laguntza banatuko dute proiektuen artean, eta REC Grabaketa Estudioak lanaren postprodukzio-zerbitzuak egiteko aukera eskainiko die.

Ikusmira-Berriak-Egoiliarrak-Zinea

Proiektuak:

  • Maider Fernández Iriarte – Las letras de Jordi

“Jordi orain 51 urte jaio zen, garun-paralisiarekin; hala ere, ez du bere burua gaixotzat hartzen. Kartoizko taula baten laguntzaz komunikatzen gara. Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuen 21 urte zituenean. Baina etxea eta gurasoak utzi eta egoitza batera joan da bizitzera, eta orain ez du Jainkoaren presentzia sentitzen”

  • Samuel M. Delgado eta Helena Girón – Eles transportan a morte

Kristobal Kolonek gidatutako eskifaian, hilda behar zuten hiru gizon joango dira, bidaian parte hartzearen truke ekidin baitute heriotza. Baina Santa Maria ontzilaren bela lapurtuko dute, eta noraezean egingo dute ihes, sibilarekin, sendalariarekin eta sorginarekin.

  • Julia Pesce – Águila de papel

1996an ama eta izeba Los Angeles hirira joan ziren, eta Carlos Castaneda idazle eta antropologo iparramerikarraren eskutik, Tentsegritatea praktikatzen hasi ziren, Mexikoko antzinako praktika eta tradizioak. Baina esperientzia zapuztu egin zaie bizimodu moderno eta globalizatuak promesa mistikoak mehatxatu dituenean.

  • Leonardo Van Dijl – Stephanie

Filmak Olinpiar Jokoetan parte hartu nahi duen anbizio handiko gimnasta gaztearen istorioa kontatuko du. Zauri eta min jasanezinak isilean gordeko ditu, eta sendagaiak bere kabuz hartzen hasiko denean, bere helburu bakarra ingurukoen maitasuna eta onespena lortzea dela konturatuko da.