Donostia Zinemaldiko Bideotekak jaialdiko sail guztietan hautatuak izan diren filmak streaming bidez ikusteko aukera eskaintzen die akreditatutako profesionalei, beti ere, haien ordezkariek aurrez inskribatu badituzte. Filmak urriaren 30era arte egongo dira ikusgai, eta lanak bidaltzeko azken eguna irailaren 18a izango da.
Jaialdian akreditatutako profesionalek, intereseko film guztiak Zinemaldian zehar ikusteko aukerarik izan ez badute, Zinemaldiko Bideotekara jo dezakete jaialdian zehar zein ondoren. Izan ere, festibala amaitu eta hilabete geroagora arte, film guztiek online jarraitzen dute plataforman.
Filmak bertan ikusgai jartzeko, baina, ezinbestekoa da haien arduradunek aurrez Bideotekan iskribatzea. Horretarako epea irailaren 18n itxiko dute, eta euskal proiektu bakoitzak 35 euro ordaindu beharko ditu.
Gainera, Espainiako eta Latinoamerikako filmen sail berezi bat ere izango da, eta bertara 60 minututik gorako iraupena duten, 2016ko urritik 2017ko irailera estreinatu dituzten, eta Espainian ala Latinoamerikan ekoitziak izan diren film guztiak aurkeztu daitezke.