Belodromoan hainbat emanaldi egingo dituzte Zinemaldian

3.000 lagun baino gehiagorentzako lekua duen Antonio Elorza Belodromoan bi estreinaldi, Sail Ofizialeko film bat, Perlak saileko beste bat eta eskoletako haurrentzako animaziozko film bat eskainiko dituzte 65. Donostia Zinemaldian zehar. Emanaldi berezietan Fe de etarras (Borja Cobeaga) eta Operación Concha (Antonio Cuadri) eskainiko dituzte.

Belodromoko-Emanaldiak-Zinemaldia-02

Donostia Zinemaldiko aretorik handiena da Belodromoa. Ikus-entzuleak pantailaren handitasunak eta sortzen den giroak erakarrita joan ohi dira bertako emanaldietara, eta urtero, hainbat saio berezi eta jaialdiaren sari banaketa ekitaldia eskaintzen dituzte bertan, baita Donostiako eta inguruko herrietako haur eta gazteentzako animaziozko film bat ere.

Emanaldi bereziei dagokienez, aurretik iragarri bezala, Borja Cobeagak Netflixentzat ekoitzitako Fe de etarras eta iragan udaberrian Donostian errodatu zuten Antonio Cuadrien Operación Concha komediak eskainiko dituzte aurten.

Horrez gain, goizero, Printze Txikia (Mark Osborne, 2016) animaziozko filma proiektatuko dute eskoletatik etorritako haurrentzat.

Itxiera galaren zuzeneko emanaldia ere Belodromoan egingo dute irailaren 30ean, eta saio horretan bertan Perlak sailean emango duten Loving Pablo (Fernando León de Aranoa) eta jaialdia itxiko duen The Wife (Björn Runge) film interesgarriak eskainiko dituzte. Pablo Escobar narkotrafikatzaile kolonbiar ezagunak Virjinia Vallejo kazetariarekin zuen harremana islatuko du lehenak. Bigarrenak, ostera, senarrari Literaturako Nobel Saria eman bezperan lehertuko den Joan Castlemanen istorioa kontatuko du; 40 urtez gizonarengatik sakrifikatu ostean, ezingo du gehiago.

Isabel Coixetek zuzendutako Proyecto filmaren lehen zatia ere emanaldi berean proiektatuko dute. Gas Natural Fenosaren Cinergía proiekturako osatutako lana da.