Urtean zehar Espainiako estatuan ekoitzi diren filmei nazioartean hedatzeko erraztasunak ematea du helburu Donostia Zinemaldiaren Made in Spain sailak. Dena den, aurretik estreinatutako filmak dira, eta hainbat sari garrantzitsu jaso dituzte nazioarteko jaialdietan. Tartean dira Estiu 1993 (Carla Simón) harribitxi katalana eta La mano invisible (David Macián) proiektu berezia.
Zinegile gazteen lehen filmak dira batzuk, baina badira zuzendari ezagunen lan berrienak ere, tartean, Alex de la Iglesiaren El Bar thrillera, Agustí Villarongaren Incerta Glòria drama eta Paco Plazaren Verónica beldurrezko filma. Hirurak 2017an zehar estreinatu dituzte zinema aretoetan, eta Donostiako Zinemaldiak nazioartean zabaltzeko asmoz programatuko ditu jaialdian.
Made in Spain sailean eskainiko dituzten gainerako zortzi filmak ondorengo hauek dira:
- Análisis de sangre azul (Blanca Torres eta Gabriel Velázquez). 30eko hamarkadako aristokrata ingeles bat Pirinioetan galduko da, eta mendian amildu ostean, buruko gaitzentzako erietxe batean amaituko du. Pedro Martínez psikiatrak gizonaren bilakaera filmatu zuen 16 mm-ko kamera batekin. Dokumental faltsua Sevilla, Nantes, Bartzelona eta Toulouseko zinema jaialdietan eskaintzeko aukeratua izan da, eta martxoan estreinatu zuten zinemetan.
- Demonios tus ojos (Pedro Aguilera). Oliver zinema-zuzendari gazteak webgune erotiko batean ikusiko du bere arrebat xikia, bideo esplizitu bateko protagonista izango baita. Une horretan Madrilera itzultzea erabakiko du, erantzunak bilatzeko asmoz. Aguileraren hirugarren filma Rotterdameko zinemaldian estreinatu zuten.
- Estiu 1993 (Carla Simón). Urteko film esanguratsuenen artean dago Simónen haurtzaroa oinarri duen film hunkigarria. Gurasoen heriotzaren ostean, Bartzelona utzi eta Kataluniako landa-ingurura osaba-izebekin bizitzera joan beharko den sei urteko Fridaren uda kontatuko du lanak. Zinegilearen lehen film luzea da, eta Berlinalen saritu zuten. 2018ko Oscar sarietarako Espainiaren hautagaia da, gainera.
- Júlia ist (Elena Martín Gimeno). Erasmus bekarekin Berlinera joango den Julia gaztearen abentura kontatuko du Martín Gimenoren lehen film luzeak. Izan ere, esperotakoa errealitatetik oso urrun egongo da, eta Berlin hiri hotz eta iluna irudituko zaio.
- La mano invisible (David Macián). Izen bereko Isaac Rosaren eleberrian oinarritutako filmak lan munduaren inguruko hausnarketa egingo du. Aktoreen artean da Josean Bengoñetxea euskalduna ere. Filma iragan apirilean heldu zen zinema aretoetara.
- No sé decir adiós (Lino Escalera). Aita gaixo dagoela jakin ostean, Carla Almeriara itzuliko da. Ezingo du egoera onartu, eta ingurukoen iritziaren aurka, aita Bartzelonara eramatea erabakiko du. Bidaiak aita-alabak elkarrengana hurbiltzeko balioko du. Zinegilearen opera primak lau sari jaso zituen Malagako zinemaldian.
- Pieles (Eduardo Casanova). Aida telesailean ezagun egin zen Casanova gaztearen debuta Alex de la Iglesiak ekoitzi du, eta Berlinen estreinatu zuten urte hasieran. Fisikoki ezberdinak diren hainbat pertsonaren bizitzak kontatuko ditu lanak, estetika plastiko deigarri baten bidez.
- Selfie (Víctor García León). Espainiako ustelkeria kasuak eta krisi ekonomikoa umorez jorratuko ditu García Leónek zinemetara ekainean heldu zen filmaren bidez. Ez da Zinemaldira etortzen den lehen aldia izango, 2006an Vete de mí filma Sail Ofizialean aurkeztu baitzuen.