Bost filmen soinu-bandak, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, SGAE Fundazioak eta Donostia Zinemaldiak elkarlanean, Ikus-entzunezko gozamena kontzertua eskainiko dute irailaren 23an, larunbata, Donostiako Zinemaldian. Emanaldia Belodromoan izango da, eguerdiko 12:00etan, doan, eta bost filmen soinu-bandak interpretatuko dituzte, irudiei zuzeneko musika jarriz.

Ikus-entzunezko-Gozamena-Zinea-Zinemaldia-03

El laberinto del fauno (Guillermo del Toro), Bienvenido Mr. Marshall (Luis García Berlanga), O Apóstolo (Fernando Cortizo), Nur eta herensugearen tenplua (Juanba Berasategi) eta Los Borgia (Antonio Hernández) filmen soinu bandak interpretatuko ditu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak José Miguel Pérez-Sierra zuzendariaren aginduetara, Donostiako Orfeoiaren eta Nora Goyalde mezzoaren eta Sergio Falque baxuaren laguntzarekin. Aldi berean, 400 metro karratuko pantaila erraldoian, film horien hainbat sekuentzia proiektatuko dituzte, Morgan Creak emanaldirako beren-beregi sortutako irudi-muntaian.

Ordu eta erdiko saioa izango da, eta gonbidapena aurrez eskuratu beharko da, irailaren 16tik 22ra, Zinemaldiak Kursaal Elkargunean eta Okendo plazan izango dituen informazio guneetan.

Dena den, ez da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Donostia Zinemaldiarekin kolaboratuko duen lehen aldia izango: iaz Fernando Velázquezek sortutako A Monster Calls (J. A. Bayona) filmaren soinu banda grabatu zuten, eta Zinemaldiko Sail Ofiziala zabaltzeaz gain, jatorrizko musika onenaren Goya saria ere eskuratu zuen lanak. Era berean, aurtengo Donostia Zinemaldia irekiko duen Submergence (Wim Wenders) filmaren soinu banda grabatu zuten martxoan. Eta urte batzuk lehenago, 2012an, J. A. Bayonaren Lo Imposible (Zinemaldian aurkeztu zuten, Sail Ofizialean) filmaren soinu banda zuzenean estreinatu zuten festibalean.