Mintzalasai jaialdiak zinemari ere egingo dio tartea

Ipar Euskal Herriko herritarren artean euskararen erabilera sustatzea helburu duen Mintzalasai ekimenak zinemari ere egingo dio tartea bere seigarren edizioan, eta besteak beste, haurrentzako Ernest & Célestine filma irailaren 6an eta El Mayorazgo de Basterretxe (Azcona anaiak, 1928) dokumentala irailaren 14an, Baionako Atalante zineman, eta Euskara Munduan dokumentala, irailaren 19an Miarritzeko Le Royal zinema aretoan, eskainiko dituzte.

Mintzalasai-2017-Zinea

Mintzalasai ekimenaren helburua Baiona, Angelu eta Miarritzen euskararen erabilera sustatzea da; izan ere, hiru hiri horietan pilatzen da Ipar Euskal Herriko biztanleriaren herena, baina aldiz, bertan erabiltzen da gutxien euskara. Horregatik, sei astez, 75 hitzordu baino gehiago antolatuko dituzte hiru hiriotan, musika, zinema, kirola, dantza, artea… eta beste hainbat jarduerarekin lotuta.

Zinemari dagokionez, ondorengo jarduerak egingo dituzte irailean:

  • Irailak 6, asteazkena, 14:00etan Atalante zineman, Ernest & Celestine (Benjamin Renner, Vincent Patar eta Stéphane Aubier, 2013) animaziozko filmaren emanaldia. Bost urtetik aurrerako haurrentzako lana da, Zineuskadiren bidez euskaratutakoa. Irailaren 9an, 16:00etan, errepikatuko dute emanaldia.

  • Irailak 14, osteguna, 20:45ean Atalante zineman, El Mayorazgo de Basterretxe (Azcona anaiak, 1928) dokumentalaren emanaldia. 20ko hamarkadatik osorik gordetzen den euskal film luze bakarra da, Euskadiko Filmategiaren esku dagoena. Emanaldian zuzeneko musika eskainiko dute Ana Belén García pianistak eta Thierry Biscary kantari eta perkusionistak. Ostean, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariarekin solasaldia egingo dute.

  • Irailaren 19an, asteartea, bestetik, Euskara Munduan dokumentala eskainiko dute Miarritzeko Le Royale zineman, 21:00etan hasita, eta ostean, Iñigo Asensio dokumentalaren egilearekin mintzaldia egingo dute.

  • Irailaren 27an, halaber, 18:00etan, Maitia nun zira? (Elena Canas eta Ainara Menoy) dokumentala emango dute Baionako Euskal Museoan. Lehen Mundu Gerran Alemaniako esparruetan egondako euskal presoen audio grabaketak ditu oinarrian lanak. Ostean, solasaldia egingo dute Canas eta Menoyo egileekin, Maider Bedaxagarrekin (Tolosako INA), Eneko Bidegainekin (Mondragoneko Unibertsitatea), Jasone Salaberriarekin (CNRS Ikerketa zentroa), Maite Deliartekin (EKE) eta Viviane Delpechekin (Eusko Ikaskuntza).

Informazio gehiago behar izanez gero, kontsultatu Mintzalasai jaialdiaren egutegia.