XV. Laburbirara lanak bidaltzeko epea zabaldu dute

Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Laburbira film laburren ziklora lanak aurkezteko epea zabaldu berri dute. Proiektuak helarazteko azken eguna abenduaren 15a izango da, eta 2015etik aurrera ekoitzitako lanak baino ez dituzte onartuko. Deialdian aukeratutako zortzi laburrak Euskal Herriko zein atzerriko hiri eta herrietan eskainiko dituzte datorren urtean zehar.

Laburbira-2018-Deialdia-Zinea-02

Euskaltzaleen Topaguneak urteak daramatza euskarazko ikus-entzunezko sortzaileei bultzada emateko egitasmoak antolatzen. Besteak beste, ikus-entzunezko proiektuak garatzeko Benito Ansola beka, urteko euskal ekoizpenak biltzen dituen Durangoko Azokako Irudienea gunea eta Kameratoia film laburren rallya egiten dituzte, baita Laburbira ere, zortzi euskal film labur herriz-herri eskaintzeko zikloa.

Dagoeneko hamalau urte igaro dira lehen Laburbira antolatu zutenetik, eta Euskal Herritik atzerrira saltoa egitea lortu dute, iaz Londresen eta New Yorken egin baitzituzten emanaldiak. Gainera, lehen edizioetan filmen aukeraketa antolatzaileek egiten bazuten ere, azken bi edizioetan deialdia zabaldu dute, egileei beren lanak aurkezteko aukera emanez.

Edizio berria

XV. Laburbiran eskainiko dituzten filmak aukeratzerako orduan, ikuslego zabalarentzako lanak izatea, sortzaile berrien eta ezagunen artean oreka mantentzea, egileen jatorria eta generoa anitza izatea, genero ikuspegia lantzen duten proiektuei tartea egitea, euskalkien aniztasuna bilatzea, umorea darabilten proiektuak eskaintzea, animaziozko filmak ere sartzea, lan esperimentalak pantailaratzea eta beste hainbat helburu izango dituzte kontuan.

Filmak aurkezteko epea abenduaren 15ean amaituko da, eta egileek artxiboa bera, lanaren fitxa teknikoa, sinopsia eta egileen datuak bidali beharko dituzte leire@topagunea.eus helbidera. Hemezortzi minutu baino gutxiago irauten duten filmak izan behar dira, 2015etik aurrera ekoitzitakoak, eta noski, euskaldunak. Xehetasun guztiak Laburbiraren orrialdean topatuko dituzue.