Ikus-entzunezko ikastaroen eskaintza zabala, Donostia Kulturan

Beste urte batez, Donostia Kulturak ikus-entzunezko alor ezberdinak lantzeko ikastaroak eskainiko ditu ikasturte berrian. Urritik maiatzera arteko tailerrak, lau hileko zikloak zein autore ikastaroak izango dira, eta izena emateko epea irailaren 12an zabalduko dute.

Donostia-Kultura-Ikastaroak-01

Intxaurrondo auzoko Larrotxene kultur etxeko Larrotxene Bideok goi mailako profesionalek zuzendutako ikastaroak eskaintzen ditu urtero, gidoigintza, ekoizpena, edizioa, zuzendaritza, eta beste hainbat alorretan trebatzeko. Ikastaro zerrenda oso luzea eta zabala da, eta gainera, ez da soilik Larrotxenera mugatuko, Lugaritz kultur etxean zein Intxaurrondon ere eskainiko baitituzte eskolak.

Larrotxene Bideon egingo dituzten ikastaroak:

  • Gidoigintza: hastapena. Andoni de Carlos izango da irakaslea, eta ikastaroa urriaren 16tik 20ra, azaroaren 27tik abenduaren 1era, abenduaren 11tik 15era, eta urtarrilaren 22tik 26ra egingo dute Larrotxenen, lau aste orotara. Prezioa: 195 euro.
  • Irudia eta soinua (hastapena). Haimar Olaskoaga eta Pello Gutiérrez izango dira irakasleak, eta saioak urriaren 23tik 27ra eta azaroaren 6tik 10era egingo dituzte, bi astez, 17:30etik 20:30era. Prezioa: 125 euro.
  • Zinema, telebista eta bideo-jokoen musika. Irakaslea Paula Olaz izango da, eta saioak 17:30etik 20:30era izango dira, azaroaren 13tik 24ra, bi astez jarraian. Prezioa: 125 euro.
  • Dirección de cine. Pablo Malok zuzenduko du ikastaroa beste behin ere, eta saioak urtarrilaren 8tik 19ra egingo dituzte, bi astez jarraian, 17:30etik 20:40ra. Prezioa: 125 euro.
  • Realización de un documental. Oskar Tejedorrek dokumentalen sorkuntzari buruzko ikastaroa eskainiko du urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra, otsailaren 19tik 23ra, martxoaren 12tik 16ra, eta apirilaren 23tik 27ra, lau astez, baina ez jarraian, ikasleek ikasitakoa praktikan jarri dezaten. Saioak 17:30etik 20:30era izango dira. Prezioa: 165 euro.
  • Ez fikziorik, ez dirurik. Ander Iriartek aurrenekoz eskainiko duen ikastaroa otsailaren 5etik 16ra, eta otsailaren 26tik martxoaren 2ra, egingo dute, bi astez. 17:30etik 20:30era izango dira saioak. Prezioa: 165 euro.
  • Zinema berriak. Maria Elorzak gidatuko du zinemagintza berrien inguruko ikastaro berria. Saioak 18:00etatik 21:00era izango dira, eta hiru astez luzatuko dira: martxoaren 5etik 9ra, maiatzaren 2tik 4ra, eta maiatzaren 14tik 18ra. Prezioa: 165 euro.
  • Guiones: avanzado. Michel Gaztambidek gidoigintza aurreratua eskainiko du, oinarrizko maila gainditu duten ikasleekin. Martxoaren 19tik 23ra, maiatzaren 7tik 11ra, eta ekainaren 4tik 8ra, egingo dituzte saioak, hiru astez, 17:30etik 21:30era. Prezioa: 195 euro.
  • Producción. Txintxua Films ekoizpen etxeko Marian Fernándezek ekoizpenari buruzko ikastaroa eskainiko du apirilaren 9tik 20ra, bi astez. Saioak 17:30etik 20:30era luzatuko dira. Prezioa: 125 euro.
  • Adobe Premiere. Ignacio Zabalak ikus-entzunezko edizio programaren erabilera irakatsiko du astebetez, maiatzaren 21etik 25era, 16:30etik 20:30era. Prezioa: 190 euro.

Ikus-entzunezkoekin lotura duten bestelako ikastaroak:

  • Zine dekoratuak egiten ikasteko tailerra. Lauhileko bateko ikastaroa izango da, Larrotxene kultur etxean. Otsailaren 12tik maiatzaren 28ra, astelehenetan, 19:00etatik 21:00etara euskaraz. Eta astelehenetan ordu berean, baina urriaren 16tik urtarrilaren 22ra, gaztelaniaz eskainiko dute ikastaro bera. Prezioa: 89 euro.
  • Munduari bira 80 pelikulatan. Astelehenetan, 19:15etik 21:15era, egingo dituzte saioak Intxaurrondo kultur etxean, otsailaren 12tik maiatzaren 28ra euskaraz, lau hilabetez. Eta urriaren 16tik urtarrilaren 22ra gaztelaniaz, leku eta ordu berean. Prezioa: 89 euro.
  • Nola ikusi pelikula bat. Lugaritz kultur etxean egingo dituzte saioak ostiraletan, 17:00etatik 19:00etara, urriaren 20tik ekainaren 1era. Urte osoko ikastaroa izango da. Ostegunetan, aldiz, urriaren 19tik maiatzaren 24ra, 19:15etik 21:15era, ikastaro berbera eskainiko dute gaztelaniaz. Prezioa: 150 euro.
  • Kortoak grabatu eta editatu formatu eskuragarrietan. Urriaren 20tik ekainaren 1era, ostiralero, 19:00etatik 21:00etara, Intxaurrondo kultur etxean. Prezioa: 150 euro.