Mendi Short film laburren 4. deialdira lanak aurkezteko epea zabaldu dute gaur, irailak 1, eta izena emateko azken eguna azaroaren 12a izango da. Lan irabazlea Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioa eskainiko dute, eta Mendi Short Film Labur Onenaren saria jasoko du. Nazioarteko egile amateurrei zuzendutako deialdia da.

Mendi-Short-Lehiaketa-Deialdia-Zinea

Bost minutu baino gutxiago irauten duten eta 2017an sortuak izan diren film laburrak aurkeztu daitezke 4. Mendi Short lehiaketara, betiere, alpinismoa, eskalada, mendiko kirolak, abentura, eskia, muturreko kirolak, ekologia, ingurumena, etnografia… hau da, ingurumena, oro har, oinarri badute.

Lehen edizioan Bruno López eta Raúl Morenoren Alps Travelogue lana saritu zuten; bigarrenean, ordea, Iñaki eta Mikel Urrestiren Piztu laburrak lortu zuen lehiaketako sari nagusia; eta iaz, hirugarren edizioan, Patxi Razkinen Erantzun zuzena lana izan zen garaile.

Laugarren deialdia gaur bertan zabaldu dute, eta azaroaren 12ra arte jasoko dituzten filmak. Aurkeztutako lanen artean onena aukeratuko dute, eta Bilbao Mendi Film Festivalaren 10. edizioko bigarren asteburuan eskainiko dute Sala BBK aretoan.

Araudiaren inguruan gehiago jakiteko eta izena emateko, sartu jaialdiaren webgunean.