Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia BFI London Film Festival jaialdian eskaintzeko aukeratu dute, urriaren 4tik 15era. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da aurrenik, eta urriaren 9an, 10ean eta 14an emango dute Londresen, goizeko 10:00etan. Julio Medemen Vacas filmaren espiritua duela azpimarratu dute bertatik.

1836an, indar Karlistak Eleizegitarren baserrira helduko direnean, abiatuko da Handia filma. Martin borrokarako errekrutatuko dute, eta gerratik itzulitakoan, Joakin anaia hura baino dezente altuagoa dela ohartuko da. Familia garai txarrak igarotzen ari denez, bi anaiak Europan barrena biran abiatuko dira, Joakini Colossus jauna ezizena jarrita. Abenturak bi anaien arteko harremanean eragingo du, eta filmak ezberdina izatearen inguruan hausnartuko du.

Film ausart, harrigarri eta original moduan definitu dute proiektuan Londresko zinemaren jaialdiko arduradunek, eta Erronka atalaren baitan eskaintzeko hautatu dute, “babeslekutik ateratzera behartzen gaituzten filmen” atalean.